Síguenos en redes sociales:

San Bizente ikastolako zuzendaria
Arturo López de la CalleSan Bizente ikastolako zuzendaria

Arturo López de la Calle: “Ibilbide luzea izan da, hainbat jarduera, ekitaldi eta kontzerturekin; ilusioz egindako lana izan da”

Arturo López de la Calle: “Ibilbide luzea izan da, hainbat jarduera, ekitaldi eta kontzerturekin; ilusioz egindako lana izan da”

San Bizente ikastolako zuzendaria den Arturo López de la Callek edizioaren xehetasunak azaldu ditu elkarrizketa honetan. Araba Euskaraz euskararen aldeko jaia da eta euskararen erabileran eta ezagutzan borrokatzen jarraitzea da ekimen honen helburua. Baina zein da ba, euskararen etorkizuna?

San Bizente ikastolako zuzendariarentzat, “gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu skualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.

Bestalde, San Bizente Ikastola gurasoen kooperatiba da. Boluntarioki erakunde demokratiko bat eratu duten pertsonen elkarte autonomo bat, kalitatezko zerbitzu bat bermatzen duen administrazio eta kudeaketa garden batekin. San Bizente Ikastola, 0 eta 16 urte bitarteko ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea lehentasuna duen ikastetxea da.Kooperatiba honen helburua bazkideen seme-alaben eta senideen irakaskuntza eta hezkuntza sustatzea eta horri arreta ematea da, euskaraz, udalerriko eta eskualdeko beharren araberako mailetan eta modalitateetan. Horretarako, erakunde eta elkarte publiko eta pribatuekin batera lan egingo du.

Nola izan da edizio hau antolatzea?

-Aurten, aurreko bi edizioetan bezala, Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dugu. Ibilbide luzea izan da, hainbat jarduera, ekitaldi eta kontzerturekin. Ilusioz egindako lana izan da, guztion artean, auzolanean. Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle-laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena,… Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta. Gure ikastolako familia guztiek parte hartu dute. Gure herrian ere, MUGAEZIN jaialdia antolatu dugu, Oiongo familia, ikasle eta biztanle guztientzat. Egun polita izan zen, musikarekin, herri bazkariarekin eta Eh Mertxe taldearen kontzertuarekin.

Zer izan da zailena?

–Nire ustez, zailena iristear dago. Ekainaren 16an izango dugun erronka ez da txikia, Araba Euskaraz eguna. Egun horretarako detaile txiki asko lotu behar dira eta antolakuntza ez da erraza. Baina dena dago prest, dena behar den moduan antolatu dugu eta orain bakarrik behar dugu jendearen partaidetza eta eguraldi on bat izatea.

Zertan erabiliko duzue bildutako dirua?

–2015ean ospatu genuen Araba Euskarazeko diruarekin, gaur dugun jantokiaren obraren zati bat ordaindu genuen. Oraingo honetan, obra hartan egindako inbertsioa ordaintzen amaitu nahi dugu. Ikastolan jantoki bat izatea aurrerapauso handia izan da gure ikasle eta familientzat.

Zer helarazi nahi duzue aurtengo leloarekin?

–Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagok irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat. Euskal Herriko hegomendebaldean gaudela, mugan, baina euskaraz bizi nahi dugula, euskaraz lan egin nahi dugula eta gure seme-alabak euskaraz hezi nahi ditugula. Hegomendebaldeko bazterretik ari gara, bazter-herritik, euskarazko hatsa igorriz erdigunera. Baina erdigunean ere bagaude, eta indar zentripetua eragiten dugu, nafarrak eta errioxarrak, baita etorri berriak ere erakarriz gurera.

Zein da ospakizun honen helburu nagusia?

–Ikastolen proiektuak ezagutaraztea eta bultzatzea. Baina, era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea.

Nola indartzen duzuen ikastola honetatik euskararen erabilera eta ezagutza?

–Euskara maite dugu, eta horrela transmititzen diegu gure ikasleei. Oiongo herrira ateratzen dugu gure proiektua, konpartitzen dugu eta zabaltzen dugu. Motibazioak garrantzi handia du. Euskal hizkuntza eta kultura zaintzen saiatzen gara. Euskaraz hitz egiteak eta euskaraz ikasteak bereizten gaitu. Nahi dugulako, gure familiek horrela erabaki dutelako.

Zein da euskararen etorkizuna, zure ustez? Indarra hartuko duela uste duzu?

–Gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.