Síguenos en redes sociales:

Araba Euskaraz 2024 MUGAEZIN ¡Eh, Mertxe!’ taldeko kidea

Ibai Landa: “Abesti honen oinarriak dira mugak gainditzea; euskara ikasi izanaren harrotasuna”

Ibai Landa: “Abesti honen oinarriak dira mugak gainditzea; euskara ikasi izanaren harrotasuna”

EH, Mertxe! rock taldeak jarri dio doinua abestiari. Ibai Landa bera da taldeko kideetako bat. Besteak dira: Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri. Guztiak ikastoletako kide ohiak. Rock-and-roll banda zitala da EH, Mertxe!; kementsua, gitarra zorrotzekin eta doinu melodiko eta infekziosoekin, bulkada basatien erritmora dantza eta oihu egitera bultzatzen duena. Agertoki gainean indarra eta sinpatia transmititzen dituen taldea da, eta 2015etik dabil oholtza gainean.

Ibai Landa Oiongo herritarra dugu, San Bizente Ikastolako ikasle ohia eta gaur egun bertako irakaslea. Kontzertuak ikustera joatea eta kontzertuak ematea izaten da bere asteburuetako lana EH, Mertxe! rock ‘n’ roll taldearekin. Hala, Araba Euskaraz ekimenaren antolatzaileek azaldu zutenez, “Rock-and-roll musika energiko eta dantzagarria proposatu digute ‘Mugaezin’ abestiarekin. Osatu dugun bideoklipean San Bizente ikastolako komunitate guztia jarri dute dantzan. Izan ere, auzolanean ekoitzi dugu bideoklipa: ikasleek, irakasleek, gurasoek, San Bizente ikastolaren sortzaile eta lagunek parte hartu dute”.

Lander Etxedonak zuzendu du bideokliparen errealizazioa. Lander ere ikastolako ikasle ohia da. “Abestiarekin, eta abestia oinarri hartuta osatu dugun dantzarekin, euskarak ez duela mugarik adierazi nahi izan dugu. Harresiak hautsi genizkiola, hemen euskararen periferian; eta periferiatik erdigunera ere eramaten dugula euskara. Letrek azaltzen dute ekitaldi honetarako Araba Euskarazek hedatu nahi duen mezua. Batetik aniztasuna islatzen du, horrelakoa baita Oiongo San Bizente Ikastola: jatorri ezberdineko kidez osaturiko komunitate bat, herri eta herrialde ezberdinetik iritsi eta guztiak ikastolan elkartzen diren kidez osaturiko komunitatea. Bestetik, Arabako ikastolok bat egin dugula ere esaten du abestiak. Guztiok elkarrekin hirugarren urtez jarraian antolatzen dugun Araba Euskaraz baitugu aurtengoa”, azpimarratu dute taldetik.

Nola sortu da abesti hau sortzeko idea?

–Adrian eta biok San Bizente Ikastolako ikasle ohiak gara eta aurten abestia egitearen proposamena iritsi zitzaigun. Erantzuna ematea ez zen erraza izan. Balantzan honek suposatzen zuen presioa eta egiteko genuen ilusioa jarri genituen eta bigarrenak irabazi zuen. Gaur egun esan dezakegu ondo erabaki genuela, prozesuan asko ikasi dugu eta emaitzarekin pozik gaude.

Zer da transmititu nahi duena?

–Oiongo herriko ikastolak 3 komunitateetako ikasleak jasotzen ditu, Errioxakoak, Nafarroakoak eta Arabakoak. Ikastolak mugak gainditzen ditu gure hizkuntzak hesi guztiak hausten dituen moduan. Abestiak ahalmen hau erakutsi nahi du.

Erritmo handiko abestia da euskaldun guztiok martxan eta energiaz betetzeko.

–Mugimendu askea eta etengabea plasmatu nahi genuen erritmo azkar eta dantzagarria medio dela, dantza ere badelako hizkuntza unibertsala.

Zein da abesti honen oinarria?

–Abesti honen oinarriak dira mugak gainditzea, mahasti artean duela 45 urte jaiotako ikastola, euskarak duen mugimendua eta eskualdean euskara ikasi izanaren harrotasuna.

Harresiak hautsi ditugu euskararen alde?

–Bai, eta horrela jarraitu behar du. Hizkuntza batek ezin du mugarik izan eta askatasun osoa behar du garatzen jarraitu ahal izateko.

Zer izan da abesti eta bideo hau sortzerakoan zailtasun handiena?

–Zailena jende guztia dinamizatzea izan da. Bideoa auzolanean egin zen eta bakoitzaren ordutegiak errespetatzeko “puzzlea” antolatzeak lana eman zigun. Hala ere, Lander Etxedonaren gidaritzapean auzolanak duen magia exprimitzeko aukera izan genuen.

Eta gustokoena?

–Taldea duela 10 urte sortu genuen lagunen artean eta hauekin bizipen izugarri politak bizitzen ari gara. Elkar Estudioetan abestia grabatzea abestiaren prozesuaren momentu aberatsenetarikoa izan zen. Bestalde, abestia sortzeko askatasuna izan genuen, bai musikalki eta bai letra aldetik. Honek mezu propio bat idazteko aukera eman digu gure musikak lagunduta. Arabako Errioxako lau lagun gara, musikaren inguruko bizimodua da gurea eta gure herriko umeen aurpegiak ikusteak eta haien ahotsak abesten entzuteak argi utzi digu proiektu honetan partehartzea ideia bikaina izan zela. Igandera arte, izan dadila mugaezin Araban euskara.