Araba Euskaraz Gasteizera itzuliko da musikaren, gastronomiaren eta beste hainbat jardueraren bidez euskararen erabilera herritarren artean indartzeko eta sustatzeko. Urtero, jaialdiak Arabako toki desberdin bat hartzen du eszenatokitzat, eta 2023 honetan, Gasteiz da berriro protagonista.
Ekitaldia Olarizuko parkean izango da aurten ere. Jai hori egun osoan luzatuko da eta, gainera, hiru jarduera eta mugimendu eremu izango ditu. Hasierako inaugurazioa 10:00etan izango da, baina gainerako jarduerak 11:00etatik aurrera hasiko dira eta jaiak 17:30ak arte jarraituko du.
Festak hiru eremu garrantzitsu izango ditu: Lehen eremua: Lautada, horia. Bigarren eremua, Mendia, berde kolorekoa. Eta azken eremua, Erreka izenekoa, urdinez. Programazioan agertzen den bezala, bigarren eremuan paella, taloa eta urteko ardoa banatuko dituzte egun osoan. Halaber, hirugarren puntuan, txikienek puzgarriak eta jolas-tailerrak izango dituzte haurrek aisialdi onenaz gozatzeko aukera izan dezaten, euskara bultzatzen duten bitartean, eta euskara dibertimendu-uneetan ere erabiltzen ikas dezaten.
Ildo beretik jarraituz, hainbat musika taldek ere parte hartuko dute. Eszenatokian, arabarrek Go!azen bezalako taldeez gozatu ahal izango dute, baita hainbat dantzaz ere; adibidez, zumbaz, besteak beste.
Gainera, lehen azaldu bezala, leku bakoitzean kontzertu batzuk izango dira eguerdia eta arratsaldea girotzeko. 14:30etik aurrera, STR, Kerobia eta Akerbeltz, beren erromeriarekin, bigarren eremuan izango dira. Baina gasteiztarrek beste talde batzuk nahiago badituzte, Skabidean eta Ttek eremu urdineko agertokian egongo dira 16:00etan eta 17:30ean, hurrenez hurren. Txikienek Goa!zen serieko pertsonaiak ikusiko dituzte eremu horian, 17:00etan. Ez dira faltako pilota-txapelketak, artisau-azokak eta kalejirak jende guztiarentzat. Pintxoak eta puzgarriak ere izango dira.
Aurtengo Araba Euskarazen lortzen duten dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dute. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. “Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu”.
“Gure hezkuntza proiektuari bultzada eman nahi diogu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. Daukagun proiektu pedagogikoaz harro gaude eta lau haizetara zabaldu nahi dugu”.
Gainera, “Agurainen eta Lautada osoan martxan dagoen euskalduntze prozesuan ahalik eta ekarpen handiena egitea da. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Hori lortzeko, gure ereduan sinesten dugu. Kooperatibismoa eta erabakietan hezkuntza-komunitate osoaren parte hartze zuzenarekin egingo dugu hau edo ez dugu inoiz lortuko. Hori argi daukagu. Gurea auzolana da, gurea Ikastola da”.