Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euro bideratuko ditu aurten euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa bultzatzea helburu duten AT! diru laguntzetara. Artisten eta kulturgintzako profesionalen mugikortasuna sustatzea, lanen eta kultur proiektuen nazioarteko zirkulazioa erraztzea eta testuinguru eta merkatu berrietan euskal sorkuntzaren presentzia indartzen laguntzea dira lagutzen helburuak.

Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, diru laguntzak lau deialditan banatuta daude: antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen sortzaileen mugikortasuna, literatura eta zinemaren alorreko sortzaileen mugikortasuna, irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultura jarduerak, eta literatur itzulpenak.

Lehenbiziko deialdiak antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen eremuko sortzaileen nazioarteko mugikortasuna laguntzea du xede. Diru laguntzaren bidez, Etxepare Euskal Institutuak euskal artista eta konpainien parte hartzea babestuko du euskararen eremu geografikotik kanpo egiten diren jaialdi, erakusketa, egonaldi, bira eta bestelako kultur jardueretan, haien nazioarteko proiekzioa indartzen lagunduz eta nazioarteko zirkuitu, programazio eta sareetan duten presentzia sustatuz.

Azken urteetan bezala, deialdiak izaera automatikoa izango du, prozedura bizkortu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko asmoz. Horrela, laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontu zuzkidura agortu arte, eta ez da balorazio batzorderik egongo. Halaber, sortzaileen likidezia beharrei modu egokiagoan erantzuteko asmoz, ordainketaren erdia hasieran jasoko dute eskatzaileek, eta beste erdia, zuriketa egin ondoren.

Laguntza hauek jarduera horiek gauzatzeari lotutako joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuak finantzatzeko aukera emango dute. Deialdiak 511.000 euroko zuzkidura du guztira, honako modalitate hauen artean banatuta: 'AT! Musika' 175.000 euro, 'AT! Antzerkia' 166.000 euro, 'AT! Dantza' 90.000 euro eta 'AT! Arte plastikoak eta bisualak' 80.000 euro. Eskaerak egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

ZINEMA ETA LITERATURA

Halaber, Etxepare Euskal Institutuak 30.000 euro bideratuko ditu zinemagileei eta idazleei zuzendutako 'AT! Zinema' eta 'AT! Literatura' laguntzetarako. Laguntza hauen helburua da zinemagile eta idazle horien lanen nazioarteko zirkulazioa sustatzea eta hauek nazioarteko garrantzia duten jaialdi, topaketa profesional, aurkezpen, azoka eta bestelako kultur ekitaldietan parte har dezaten erraztea.

Laguntzari esker, eskatzaileek aukera izango dute beren lana aurkeztera gonbidatuak izan diren jardueretan parte hartzeko beharrezkoak diren joan-etorri eta ostatu gastuak finantzatzeko. Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 2ra arte egongo da zabalik, edo aurrekontu zuzkidura agortu arte.

Antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen alorreko mugikortasunerako diru laguntza deialdia lehiarik gabekoa izan arren, aurreko urteetan erabili diren balorazio irizpideak oinarri hartuta, Etxepare Institutuak bilatzen dituen helburuen arabera puntuatuko da, jakinda helburu nagusia dela oinarrizko baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak laguntzea.

Irizpide horien artean daude jarduera hartuko duen testuinguruaren oihartzuna edo prestigioa, proiektuaren autofinantzaketa maila, euskararen presentzia proiektuan, genero irizpidea, eta eskatzailearen presentzia digitala.

Literatura eta zinema alorreko mugikortasunerako diru laguntzen kasuan, berriz, eskaerak jaso ahala ebatziko dira, diru zuzkidura agortu arte edo epea amaitu arte.

Bestalde, ekainaren 20tik aurrera irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultur jarduerak egiteko laguntza eskatu ahal izango da. Bi prozeduratan banatuta dago deialdia: batetik, 'AT! Euskal dantza eta abesbatzak', talde hauen nazioarteko proiektuak babestea xede duena, 30.000 euroko zuzkidurarekin, eta bestetik, 'AT! Euskal kultura', Etxepare Euskal Institutuaren gainerako deialdien babesean laguntzarik jaso ezin duten egitasmoak burutzeko eskatu ahal izango dena eta 20.000 euroko zuzkidura duena. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Diru laguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio hitza euskara den kasuan, sozietate egoitza edo helbidea Euskal Herrian kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere.