Euskal barnetegien esperientzia
Gune hauek euskara ikasteko esperientziarik onenetariko bat eskaintzen dizute: familia, lagunak, aire zabaleko kirola eta euskal txoko ezezagunenetara bisitak
Euskara ikasteko bideak askotarikoak dira, baina euskaltegiko lau hormetatik atera eta hizkuntza eguneroko bizitzaren ardatz bihurtzeko, udako barnetegiak tresna paregabeak dira. “Barnetegi” hitzak, batzuentzat ikasketa zorrotzaren edo itxialdiaren irudia iradoki dezakeen arren, gaur egungo eskaintzak errealitate hori goitik behera eraldatu du. Orain, euskara ikastea oporraldi batekin, abentura batekin edo familia-aisialdiarekin uztartu daiteke.
Euskal Herriko hainbat txokotako protagonisten ahotsetatik, AEKk antolatutako udako barnetegien unibertsoan murgildu gara, teoria hutsetik haratago euskaraz bizitzeko benetako espazioak nola sortzen diren gertutik ezagutzeko.
Udako barnetegiak oinarri hartuta, gure protagonistek ibiltari proiektuaren berri eman digute ere.
24 orduko esperientzia
Maialen Markaidak urteak daramatza AEKko barnetegien inguruan lanean, eta ondo daki neguko ikastaroen eta udako esperientziaren arteko aldea zein den. “Neguko ikastaroetan euskara eskolan egiten duzu, baina saioa amaitutakoan zure esku geratzen da hitz egiten jarraitzea ala ez; gehienetan, ikasleek eskolaz kanpo ez dute hitz egiten euren zirkulua euskalduna ez delako, eta ezintasunagatik edo gogo faltagatik erdarara jotzen dute”, azaldu du. Barnetegian, ordea, ez dago ihesbiderik: “Ez daukazu beste aukerarik, 24 orduz hitz egin behar duzu euskaraz bi astez”.
Markaidaren hitzetan, murgiltze horrek sekulako aldaketa eragiten du ikasleengan: “Buruan euskaraz pentsatzen hasten zara, ez dituzu itzulpenak egiten eta euskaraz amesten duzu; nahi gabe, izugarri hobetzen dute”.
Gaur egungo eskaintza izugarri zabaldu da jendearen beharretara egokitzeko. Helduei bideratutako ohiko euskalduntze barnetegiak 18 urtetik gorakoentzat dira, eta Arantzan zein Foruan egiten dituzte nagusiki. Baina badaude profil zehatzagoentzako aukerak ere.
“Barnetegi guztietan daukagu B1etik hasita C1era arte, baina uztailaren 27tik abuztuaren 9ra talde berezi bat daukagu A2koentzat, hau da, A1 maila gainditu dutenentzat”, zehaztu du. Horrez gain, abuztuaren 10etik 23ra azterketak prestatzera (B2 eta C1 mailetara) bideratutako talde berezia eskaintzen dute, non azterketa bera sakonago lantzen den, betiere erabilerari eta mintzapraktikari lehentasuna emanez.
Egunerokoa ondo egituratuta egoten da: goizean lau orduko eskolak ematen dituzte atsedenaldi batekin, eta bazkal ostean, beste bi orduko eskola saioa izaten dute. Arratsaldeetan, berriz, sormenari eta gozamenari bidea irekitzen dioten “tailerrak” egiten dituzte. “Tailerra izan daiteke antzerki bat prestatzea, dantza, mendi buelta bat, igerilekura joatea... ez da soilik eskulanak egitea”, argitu du Markaidak.
Baina euskalduntze prozesu indibidualez gain, udako eskaintzak baditu beste bi eredu berezi, bizitzeko eta ikasteko modu erabat ezberdinak proposatzen dituztenak: familia barnetegia eta barnetegi ibiltaria.
Bost izarreko hotela
Oihane Erripagañan (Nafarroa) bizi da bere senarra Xabirekin eta bi seme-alabekin (7 urteko alaba eta 8 urteko semea). Bere istorioa ohikoa da euskaldun berri askoren artean: txikitan A ereduan ikasi zuen Noainen, non dena erdaraz zen ikasgai bat izan ezik. Seme-alabek, ordea, Paz de Ziganda ikastolan ikasten dute eta etxean euskaraz egiten dute aitarekin, bera Donostiako euskaldun zaharra baita. Oihanek euskara gehiago erabili nahi zuen etxean, eta, ikastolako beste ama baten gomendioz, Adunako familia barnetegira joatea erabaki zuten abuztuan.
Eguneroko dinamika ezin hobea da kontziliaziorako: gurasoak gela batean egoten dira AEKko bi irakaslerekin (Juanmi eta Elena) klaseak jasotzen, eta, bitartean, umeak bi monitorerekin eskulanak egiten edo ur-parkean jolasten ibiltzen dira. Arratsaldeetan, ordea, elkarrekin gozatzeko une gisa erabiltzen dute.
Haurrekin joanda, familia askok benetako oporraldi gisa baloratzen dute esperientzia hau. Zuek ere sentsazio hori izan zenuten?
–Bai, erabat. Ni ama naiz, eta normalean amok edo aitok beti pentsatu behar ditugu gauzak, zer egin behar dugun, bazkariak prestatu... Niretzat bost izarretako hotel bateko oporrak izan ziren. Bazkaria prestatuta zegoen, afaria ere bai, aterpean oso ongi lo egin genuen, eta dena planifikatuta zegoen. Bizi nintzen hamabi egun horietan pentsatu gabe; pentsatu behar dugun gauza bakarra euskaraz hitz egitea da.
Zer nolako ekintzak egiten zenituzten arratsaldeetan familia giro horretan?
–Gauza desberdinak egiten genituen haiekin. Arratsalde batean mendira joan ginen, beste batean entsalada-lehiaketa egin genuen: supermerkatura elkarrekin osagaiak erostera joan, entsalada prestatu eta gero dena probatu genuen. Beste egun batean Zumaiako hondartzara joan ginen, edota Tolosako txotxongilo museoa ikustera. Egun batean, umeek Adunako paseo bat prestatu zuten goizean, gida turistikoak balira bezala, eta herria azaldu ziguten.
Itzulerari buruz galdetuta, Oihanek onartzen du erronka handiena bikotekidearekin euskarazko ohitura etengabe mantentzea dela. Abuztuan euskaraz egitea lortu zuten arren, irailean asteburuetara mugatu zen nagusiki. “Xabik eta biok gai serioez hitz egin behar badugu, hori da zailena niretzat; gure erlazioa erdalduna zen lehen, eta agian umeak ohera joan eta gero erdaraz erabiltzen dugu oraindik “. Hala ere, datorren urtean euskaltegian C1 maila prestatzen hasiko da, hobetzen jarraitzeko. “Probatu esperientzia. Badaude euskaldun zahar batzuek ere ez dutena euskara erabiltzen beren seme-alabekin. Gurekin joan zen beste amatxo hori euskaldun zaharra zen, ez zeukan erlazio oso euskalduna alabarekin, eta barnetegiaren ondoren lortu zuen; orain euskaraz bizi dira”, dio zalantzan dauden familiei.
Malagatik Gasteizera
Victoria Zarcoren kasua euskara ikasteko motibazioaren eta pertseberantziaren adibide garbia da. Malagan jaioa, Gasteizen bizi da 2024tik. Bere euskalduntze prozesua, ordea, askoz lehenago hasi zen, El Hierron (Kanariar Uharteak) bizi zenean. “Nire bikotea euskalduna da, eta argi nuen bere hizkuntza partekatu nahi nuela. El Hierron oso zaila zen ikastea, orduan nire etxea paperez beteta zegoen: labea, ohea, sukaldea... horrela hasi nintzen euskara ikasten”, gogoratzen du. Gainera, badu beste motibazio emozional bat: bere aita Eskoriatzakoa da, baina Madrilera joan zen bizitzera txikitan eta ezin izan zuen euskara ikasi. “Beti eman dit pena; niretzat berezia da euskara errekuperatzea nire familiagatik”.
Gasteizera etorri zenean, lehenengo gauza AEKn izena ematea izan zen, zerotik (A1 mailatik) hasteko. Oso azkar egin zuen aurrera, eta denbora gutxira Arantzako barnetegira joatea erabaki zuen B1 maila egitera. Han murgilduta, B1 maila gainditu zuen eta oraintxe bertan B2 maila ere eskuratu berri du.
Euskaltegiko eskolak alde batera utzita, nolakoa da zehazki barnetegi baten eguneroko erritmoa eta elkarbizitza?
–Elkarrekin lo egiten dugu, gutxi gorabehera zortzitan esnatzen gara eta elkarrekin gosaltzen dugu. Bederatzitan klaseak hasten dira herriko eskolan, aterpetik oso hurbil, bost minutu oinez. Lau ordu ditugu klasean baina deskantsu batekin erdian; tarte horretan kafetegi batera joaten gara elkarrekin eta euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu. Ordu bat eta erdietan bazkaltzen dugu eta gero laurak arte atseden handi bat daukagu; batzuk kirola egitera doaz frontoira edo deskantsatzera. Gero, beste bi ordu klasera itzultzen gara, baina lasaiagoak dira. Seietatik zazpitara tailerrak izaten ditugu: pasa den urtean bertsolaritzako tailer bat egin nuen, eta beste bat buztinezko eguzkiloreekin. Afaldu ondoren, gauez, normalean tabernara joaten gara zerbait hartzera.
Hain denbora gutxian horren ondo hitz egiteko gakoa bere inguruan eta “militantzian” dagoela onartzen du. “Nire bikotea euskalduna da; ergatiboa ondo esaten ez badiot, ez dit erantzuten!”, dio barrez. Gainera, bere amaginarreba eredu handia izan da berarentzat. Bera Gasteizkoa izan arren, unibertsitatean euskara ikasi zuen eta seme-alabei beti euskaraz egin die. “Hori ikusteak lagundu dit pentsatzen ez dela ezinezkoa”. Malagako senideak ere, aita barne, “flipatuta” eta oso harro daude bere aurrerapausoarekin. Jada irakatsi dizkie hitz batzuk, eta bere iloba jaioberriei euskaraz egiten die zuzenean.
Kanpotik etorrita, Victoriak oso argi dauka euskal komunitatearen izaera berezia dela: “Euskaldun hitzak berak esaten du: ez daukazu hemen jaio beharrik. Berdin dio Kolonbian, Japonian edo Malagan jaio zaren; euskara jakin eta erabiltzen baduzu, euskalduna zara. Hizkuntza nazioartekoa eta munduari irekia da. Niretzat opari bat da hizkuntza hau ikastea”.
Barnetegiko ibiltaria
Gelako egonkortasunetik ihes egin eta abentura maite dutenentzat, AEKk barnetegi ibiltaria eskaintzen du. Jon Díaz de Mendibil irakaslea da urtean zehar, baina hiru aldiz parte hartu du ibiltarian. Aurten, proiektuaren 25. urteurrenaren aitzakian, formatu originalera itzuliko dira: ibilbidea bizikletaz egingo da, Urduñatik Forura, uztailaren 19tik abuztuaren 1era. Aurten Jon Arantzako barnetegian egongo den arren, inork baino hobeto daki zer den Euskal Herria modu ibiltarian ezagutzea.
Ohiko barnetegi batetik oso ezberdina da ibiltaria. Zerk egiten du hain berezi?
–Bueno, desberdintzen da beste ereduengandik barnetegi honetan ez dagoelako eskolarik edo klaserik. Hau gehiago pentsatuta dago natura testuinguru batean, Euskal Herrian zehar eta kirola eginez, komunikazioa lantzeko. Urtean zehar euskaltegian landutakoari praktikotasuna emateko modu egokia izaten da.
Baina klaserik ez badago, nola bermatzen da euskara ikasten dela?
–Nahiz eta eskolak ez egon, irakasleak eta bideratzaileak hor gaude. Dinamikak eta jolasak prestatzen ditugu, eta gure arteko komunikazio guztia euskaraz da. Edozein zalantza gramatikal sortzen bada, hor gaude laguntzeko. Gure helburua da egun osoan elkarrekin euskaraz komunikatzea, eta bidean zehar arazoren bat badago, elkarri laguntzea.
Bizikletaz 15 egun pasatzeak errespetua eman dezake. Zein da ohiko profila eta nolakoa da logistika?
–Ez da kirolaria izan behar. Noski, gutxieneko forma fisiko bat behar da, baina helburua ez da helmugara ahalik eta azkarren iristea. Batez besteko profila 40 bat urteko jendearena izaten da; gazte batzuk ere badaude, eta 67 urteko jubilaturen bat ere animatu izan da. Egunero 60 bat kilometro egiteko ideia dago, baina egun osoa daukagu horretarako. Gainera, furgoneta bat daramagu gurekin.
Inguruarekin eta herriekin ere harremana bultzatzen duzue, ezta?
–Bai, erabat. Urtero ibilbidea aldatzen saiatzen gara. Iaz, esaterako, Iparralde guztia gurutzatu genuen Hondarribitik Hendaiara eta Izabaraino. Iparraldeko euskara hori entzutea oso aproposa da ikasleentzat belarria egiteko. Goazen herri horietan afari bat edo tailer bat antolatzen saiatzen gara, gure presentzia nabari dadin. Aurten Urduñatik Forura joango dira, Foruan AEKk etxe bat daukalako, baina bidean Otxandio, Garralda edo Aralarko San Miguel bezalako leku berezietatik pasatzeko aukera ere egoten da, euskara eta kirola uztartzen dugu.
