Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutzaren egiaztapen sistema berri bat jarriko du abian HABEren bitartez 2026ko urriko deialditik aurrera, eta, lehen aldiz, egiaztapen asimetrikoak eskaini eta egiaztapen partzialak orokortuko ditu, pertsonen gaitasunak eta egoerak zehaztasun handiagoz aitortzeko.
Hala jakinarazi du astearte honetan Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.
Azaldu duenez, euskararen ezagutzaren egiaztapen eredu berriak abiapuntu argi bat du: pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza gaitasunak modu berean garatzen, eta egiaztapen sistemak errealitate horri erantzun behar dio. "Sistema malguagoa, bidezkoagoa eta pertsonen errealitatera hobeto egokitua eraiki nahi dugu", gaineratu du.
Neurria 'Jauzia Gara' estrategiaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritza euskararen ikaskuntzaren arloan bultzatzen ari den eraldaketaren baitan, alegia. Azken urteotan, 100.000 pertsonatik gora igaro dira euskaltegietatik eta 43.500 pertsonak baino gehiagok jaso dituzte euskara ikasteko laguntzak. Gero eta pertsona gehiagok euskara ikasten hastea ez ezik, beren ikasketa ibilbidea amaitzea eta eskuratutako hizkuntza gaitasunak zehaztasun handiagoz egiaztatzeko aukera izatea ere bada helburua.
Bada, orain arte, A2, B1, B2, C1 eta C2 hizkuntza mailak egiaztatzeko maila bera egiaztatu behar zen lau eremutan: irakurmenean, entzumenean, idazmenean eta mintzamenean. Urritik aurrera, aldiz, egiaztatze asimetrikoek aukera emango dute trebetasun guztietan maila bera izan beharrik gabe ahozko zein idatzizko gaitasunak egiaztatzeko.
Hain zuzen, pertsona batek idatzian eta ahozkoan maila desberdinak baditu, gaitasun horiek modu zehatzagoan aitortu ahal izango dira; adibidez, pertsona batek B1 maila izan dezake irakurmenean eta idazmenean, baina B2 maila entzumenean eta mintzamenean. Sistema berriarekin, errealitate hori egiaztatu ahal izango da.
Egiaztatze partzialei dagokienez, desgaitasunen bat duten pertsonei egokitutako egiaztatze sistema da. Desgaitasunen bat izatekotan, eta, horren ondorioz, trebetasun jakin bat ezin bada jorratu edo egiaztatu, sistema honetara aurkezteko aukera zabaltzen du Jaurlaritzak.
Kasu horietan, idatzizko trebetasunak edo ahozko trebetasunak soilik egiaztatzeko aukera emango da; adibidez, entzumen desgaitasuna duen pertsona batek entzumena ebaluatu ezin badu, idatzizko trebetasunetan duen gaitasuna egiaztatu ahal izango du.
Era berean, bestelako desgaitasun edo behar berezien ondorioz trebetasun jakin bat ebaluatu ezin den kasuetan ere, idatzizko edo ahozko gaitasunak egiaztatzeko aukera izango da. Neurriaren helburua da euskararen egiaztatzea irisgarriagoa egitea eta pertsona guztiek beren gaitasunak aitortzeko aukera izatea.