Síguenos en redes sociales:

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 38. edizioa abian da eta hautagaiak irailaren 20ra arte aurkez daitezke

, Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenek

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 38. edizioa abian da eta hautagaiak irailaren 20ra arte aurkez daitezkeUtzitakoa

Andoaingo Udalak (Gipuzkoa) Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 38. edizioaren deialdia egin du, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin, eta hautagaiak aurkezteko epea irailaren 20era arte dago zabalik. Aurten ere ere bi sari banatuko dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria.

Rikardo Arregi zenaren etxe atarian bildu dira ordezkariak astelehen honetan aurtengo edizioaren xehetasunak emateko. Bertan egon dira Marta Lasa Andoaingo Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Mikel Arregi Rikardo Arregiren anaia gazteena.

Hirurek azpimarratu dute Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren garrantzia, Rikardo Arregik bere garaian egindako lanak ekarri baitzuen "kazetaritzako profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatu nahia, gzarteak behar zuen informazioa euskaraz eta kalitatezkoa izan zedin".

Aurreko urteetan bezala, aurten ere bi kategoria izango ditu sariketak: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Horrenbestez, finalistak izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau. Hautagaitzak aurkezteko aukera izango du hala nahi duen orok eta horretarako epea irailaren 20an itxiko da.

Rikardo Arregi Kazetaritza sariak 2025eko irailaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitartean egindako lan eta proiektuak hartuko ditu kontuan. Kazetaritza sariari dagokionez, saria eskuratzeko aukera izango dute egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza lanek. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.

Era berean, Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenek. Hala, kontuan hartuko dira euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintzak, komunikazio proiektuak edo komunikazio proposamenak.

Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. Komunikazio saria ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa emango zaio irabazleari.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta saria irabazten ez duten finalistek Xabier Lakak bereziki Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

HAUTAGAIAK

Saridun izateko hautagaitzak irailaren 20ra bitartean aurkez daitezke (kazetaritza edo komunikazio lanak), Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota raks@andoain.eus helbide elektronikora igorriz. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengo kideek osatuko dute: Miren Berasategi Zeberio Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, Eneko Bidegain Aire idazle eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea, Itxaro Borda Xarriton idazle eta prentsa kolaboratzailea, Angel Erro Jimenez idazle, itzultzaile eta prentsa kolaboratzailea, Pantxika Maitia kazetaria eta Libe Mimenza Castillo EHUko irakasle eta ikerlaria. Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduradun Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 38. edizioko finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia abenduaren 4an izango da Andoaingo Bastero Kulturgunean.