Euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartuko dute 2027ko urrian III. Euskal Mundu Biltzarrean
Ekimena 'Jauzia Gara' ekimenaren baitan egingo da
III. Euskal Mundu Biltzarra nazioarteko topaketa egingo da 2027ko urriaren 20, 21 eta 22an, 'From Basque to the World' lelopean, eta munduko hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta hizkuntza komunitateak bilduko ditu Bilbon, euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartzeko.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Aldasoro Hizkuntz Politikako sailburuordeak eta Jasone Cenoz biltzarreko batzorde zientifikoko kideak aukeztu dute topaketa ostegun honetan Euskalduna Bilbao Jauregian, besteak beste.
Ekimena 'Jauzia Gara' ekimenaren baitan egingo da, Eusko Jaurlaritzak euskararen biziberritzean etapa berri bat irekitzeko eta bere erabilera sozialean aurrera egiteko bultzatu duen proposamenean, hain zuzen ere. Bengoetxeak aurkezpenean nabarmendu duenez, "euskararen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatzen, erabileran, motibazioan eta pertsonen eguneroko bizitzan hartzen duen lekuan ere jokatzen da".
III. Euskal Mundu Biltzarrak 1956ko eta 1987ko biltzarren tradizioa berreskuratuko du, XXI. mendeko erronketara egokituz. Euskararen eta hizkuntza gutxituen orainari eta etorkizunari buruzko topaketarako, hausnarketarako eta elkarrizketarako nazioarteko gunea sortzeko helburuarekin sortu da biltzarra, globalizazioak, digitalizazioak, adimen artifizialak, giza mugikortasunak eta aniztasun sozial eta kultural gero eta handiagoak markatutako testuinguruan.
"Gure etorkizuna munduarekin batera eraiki nahi dugu, beste hizkuntza komunitate batzuetatik ikasiz eta euskal esperientzia partekatuz. Hori da 'From Basque to the World' leloaren zentzua", adierazi du lehendakariordeak.
Topaketak hizkuntza komunitateek dituzten erronka nagusiei helduko die, lau hausnarketa esparru nagusitatik begiratuta: erakunde lidergoa eta proiekzio globala, gizarte kohesioa eta ongizatea, kultura, sorkuntza eta komunitatea, eta teknologia eta berrikuntza.
"Euskararen etorkizunaz hitz egitea kohesio sozialaz, kulturaz, berrikuntzaz eta komunitateaz ere hitz egitea da", nabarmendu du Bengoetxeak.
Horrela, hiru egunez, Bilbo mundu osoko ikertzaileen, erakundeetako arduradunen, profesionalen, gizarte eragileen eta hizkuntza komunitateetako ordezkarien arteko ezagutza eta esperientziak trukatzeko gune bihurtuko da. Helburua da ikaskuntzak partekatzea, erronka komunak identifikatzea eta hizkuntza aniztasuna eta hizkuntzen biziberritzea indartzen lagunduko duten lankidetza bide berriak aztertzea.
EKARPEN SOZIALA
Gainera, III. Euskal Mundu Biltzarrak esparru akademikotik haratago doan ekarpen soziala egin nahi du, eta, nazioarteko ezagutzarekin eta esperientziekin batera, gizarte, kultur eta hezkuntza eragileen ekarpenak jasoko ditu, datozen hamarkadetan euskara indartzen jarraitzea ahalbidetuko duten gakoak identifikatzen laguntzeko.
Biltzarraren aurkezpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzak bere webgune ofiziala aktibatu du: frombasquetotheworld.euskadi.eus. Bertan, topaketari buruzko informazio guztia kontsultatu ahal izango da: edukiak, batzordeak, parte hartzaileak, hizlari nagusiak, nobedadeak eta egutegia.
Era berean, komunikazioen eta posterren nazioarteko deialdia ireki da, euskararekin, hizkuntza gutxituekin eta hizkuntza aniztasunarekin lotutako ikerketak, esperientziak eta ekimenak partekatzeko interesa duten ikertzaile, profesional, erakunde arduradun, gizarte-eragile eta hizkuntza komunitateetako ordezkarientzat, eta epea irailaren 14ra arte dago zabalik.
Temas
Más en Sociedad
-
Reto solidario: Monte Urko, emotivo e inclusivo III Memorial Javi Alberdi
-
En imágenes. Reto solidario: Monte Urko, emotivo e inclusivo III Memorial Javi Alberdi
-
La Fiscalía rechaza levantar las medidas cautelares a Andic alegando que los indicios "contradicen" su versión
-
Osakidetza iniciará en octubre la prueba piloto para asumir "progresivamente" en su red los abortos voluntarios