Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak 50. urteurrena ospatzen du aurten, eta ospakizun sozial handia antolatu du larunbaterako, maiatzaren 30erako Donostiako Kursaaleko Ganbea aretoan, Joxerramon Bengoetxea errektorea buru deloa. Ikasle eta egresatu, langile eta langile ohi, eta gonbidatu bereziekin, 500 pertsona inguru bilduko dira ospakizunean.

EHUk jakinarazi duenez, ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta erakunde publikoetako ordezkariak Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Jon Insausti Donostiako alkatea eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza foru diputatua izango dira.

"Urte hauetan guztietan bidelagun izan ditugunak elkartzeko aukera paregabea ematen digu urteurren borobil honek, elkarren berri jakin eta Fakultateko garaiak gogoratzeko. Eta bide batez, Fakultatearen ibilbide oparoa azaltzeko parada ere bada, alde formalak eta informalak konbinatuta. Beti utzi behar da sorpresetarako lekua", adierazi du Nerea Ezeiza Ramos EHUko Informatika Fakultateko dekanoak.

1976an Espainiako Estatuko lehen hiru Informatika Fakultateak sortu ziren: Bartzelona, Madril eta Donostia. Fakultatea hasiera batean Amara auzoko Merkataritza Eskolan egon zen 1984ra arte, eta urte horretan gaur egungo egoitzara lekualdatu zen, Gipuzkoako campusean, Donostian. Ordutik, fakultatea campuseko erreferente akademiko bihurtu da, laborategiak, ikerketa talde aurreratuak eta abangoardiako irakaskuntzara egokitutako ikasgelak hartuz.

Era berean, bost hamarkada hauetan, ikastegiak lorpen garrantzitsuak lortu ditu irakaskuntzan, ikerketan eta berrikuntzan: 5.000 profesional baino gehiagok jaso dute prestakuntza Fakultatean, 250 doktore tesi defendatu dira informatikaren eta adimen artifizialaren punta-puntako arloetan, eta nazioarteko erreferentziazko ikerketa taldeak, besteak beste, ikaskuntza automatikoaren, software ingeniaritzaren, zibersegurtasunaren, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren edo konputazio kuantikoaren arloetan ezagutza sortuz eta transferituz.

Fakultateko ikertzaileek sari ugari jaso dituzte biltzar eta lehiaketetan, hala estatu mailan nola nazioartean, Euskadi Ikerketa Saria eta SCIE-FBBVAren ikerketa eta ikertzaile gazteen sariak nabarmenduz; Enpresa ehunarekiko lankidetzan ere aritu da Fakultatea, praktika programak eta gradu eta master amaierako lanak, zein kontratuak, ikerketa proiektuak eta industria tesiak garatuz.

XEHETASUNEZ

Unibertsitate enpresa gelak sortzea ere nabarmendu da. Lankidetza proiektuen garapena sustatzen duten ekimenak dira, zibersegurtasuna, software ingeniaritza edo konputazio kuantikoa bezalako gai arloetan sakontzeko helburuarekin, eta, urtean batez beste 50 I+G+B proiektu eta hogei bat ikerketa-kontratu enpresekin.

50. urteurrenaren ospakizuna Fakultatearentzat "bereziki dinamikoa" den etapa batekin bat egiten du. "Adimen artifizialaren, zibersegurtasunaren, errendimendu handiko konputazioaren, konputazio kuantikoaren edo datuen ingeniaritzaren aurrerapenak zentroa posizio estrategikoan kokatzen du profesionalen prestakuntza eta ezagutza zientifikoaren sorrera lideratzen jarraitzeko", adierazi du.