Gizon bat atxilotu dute Gasteizen alkoholaren eraginpean trafiko istripu bat eragin eta ihes egiteagatik
Bide segurtasunaren aurkako bi deliturengatik ere ikertuko dute
Gasteizko Udaltzaingoak 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean Arabako hiriburuan agintaritzaren agenteei aurre egitea eta desobeditzea egotzita, alkoholaren eraginpean trafiko istripu bat eragin eta ihes egin ostean, polizia kidegoak jakinarazi duenez.
Asteleheneko 15:00ak aldera, Zaramaga auzoan hiritarren seegurtasunerako lanak egiten ari zen patruila bati adierazi zioten istripu bat gertatu zela eta gidariak ihes egin zuela. Istripua eragin zuen ibilgailuaren datuak jaso ondoren, agenteek Betoñoko atean geldiarazi zuten handik gutxira.
Gidaria alkoholdun edarien eaginpean zegoen, eta alkoholemia proba egiteko eskatu ziotenean, ezetz esan zuen. Gainera, "oldarkor agertu zen, udaltzainak etengabe irainduz, eta errepidera bota zuen bere burua, arriskuan jarriz", azpimarratu dutenez. Azkenean, atxilotu egin zuten, eta bide segurtasunaren aurkako bi deliturengatik ere ikertuko dute.
Bestalde, Ertzaintzak 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean Erandion (Bizkaia)osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, bizi zen lokalean egindako miaketan marihuana, estasia eta kokaina aurkitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak bildutako informazioetan oinarrituta, eta Erandioko Udaltzaingoarekin lankidetzan, bertako ertzain-etxeko agenteek droga trafikoarekin lotutako ikerketa bat hasi zuten, drogaren banaketa lonja batean bizi zen pertsona bati leporatzen baitzioten.
Agenteek egindako jarduketen bidez egiaztatu zuten susmagarriak inguruko drogazaleei banatzen zizkiela substantziak lokalean bertan. Bezeroak lokalera hurbiltzen ziren eta, bertan denbora laburra egon ondoren, legez kontrako substantziak erosi ostean irteten ziren.
Ebidentzia horien aurrean, ikerketaz arduratu ziren agenteek ustezko trafikatzailea atxilotu zuten astelehen arratsaldean osasun publikoaren aurkako delitu batengatik. Atxilotua 54 urteko gizon bat da, eta gauean, berarekin adostuta eta dagokion baimenarekin, agenteak lonjan sartu ziren eta miaketa egin zuten, eta 100 gramo inguru marihuana, 15 estasi pilula, kokaina kopuru txiki bat, doitasun balantza bat eta nahasteko substantziak zituen pote bat aurkitu zituzten.
Gainera, telebistak, erreminta elektrikoak zituzten kaxak, bizikleta bat, patinete bat eta animalien hamarren bat adar konfiskatu zituzten, lapurtutako ondasunen ustezko errezeptazio delitu bateko objektutzat jo baitzituzten. Konfiskatutako objektuen jatorria ikertzen ari dira horien legezko jabeei itzultzeko.