Síguenos en redes sociales:

Zaintzako langileentzako euskara-gaztelania hiztegia argitaratu du Donostiako Udalak

Donostiako Udalak euskara sustatzen jarraitu nahi du zaintza alorrean, hizkuntzaren bidez, pertsonen arteko harremanak hobetuz eta arreta hurbilagoa eskainiz

Zaintzako langileentzako euskara-gaztelania hiztegia argitaratu du Donostiako UdalakUtzitakoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak zaintzako langileei zuzendutako euskara-gaztelania hiztegia argitaratu du, Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren laguntzarekin. Argitalpenaren helburua da mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzan ari diren langileei euskara hurbiltzea eta eguneroko komunikazioan laguntza praktikoa eskaintzea, "euskarak gertutasuna eta konfiantza transmititzen die euskaldunei".

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, zaintza jasotzen duten pertsona askorentzat euskara da ohiko hizkuntza, eta erosoago egiten zaie hizkuntza horretan adieraztea beren nahiak eta beharrak. Horrek zaindutako pertsonen ongizatean eragiten du zuzenean, eta zaintzaileen eta zainduen arteko harremanak sendotzen laguntzen du.

Egunerokoan erabiltzen diren hitz eta esamolde oinarrizkoenak jaso dira hiztegian, zaintzako testuingurura egokituta. Helburua da euskara erabiltzen hasteko tresna erraza eskaintzea. Formatuari dagokionez, poltsikorako hiztegi txikia da, praktikoa eta une oro eskura izateko modukoa.

Argitalpena 14 ataletan banatuta dago: agurrak, oinarrizko kontzeptuak, etxea, kalea, taberna-kafetegia, dendak, farmazia eta anbulatorioa, jatekoak eta edatekoak, asteko egunak, urte-sasoiak, zenbakiak eta orduak, eguneroko harremanak, laguntza emozionala eta familia.

Guztira 4.000 ale argitaratu dira, eta Donostian zaintzan jarduten duten enpresetako langileen artean banatu dira lehen aleak. Horrez gain, datozen egunetan udal erakunde eta hainbat elkartetan zabalduko da, besteak beste, Emakumeen Etxean, Gizarte Zerbitzuguneetan, enplegu zentroan, Udalinfo zerbitzuan, Euskaltegietan, Lanbiden, SOS Arrazakerian eta Caritasen.

Hiztegia eskuragarri egongo da nahi duen herritar ororentzat Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2 behea). Era berean, www.donostiaeuskaraz.eus webgunean PDF formatuan deskargatzeko moduan izango da.

Baliabide honekin, Donostiako Udalak euskara sustatzen jarraitu nahi du zaintza alorrean, hizkuntzaren bidez, pertsonen arteko harremanak hobetuz eta arreta hurbilagoa eskainiz.