Moises P. Sanchez pianista espainiarra eta Immanuel Wilkins saxo jotzaile estatubatuarra Getxoko Jazzaldiaren 49. edizioan izango dira, eta, Charles Lloyd, Camille Thurman eta 'Sketches of Latin Miles' proiektuarekin batera, Muxikebarri aretoko ordainpeko kontzertuen eskaintza osatuko dute ekainaren 1etik 5era. Sarreren eta abonuen salmenta datorren astelehenean hasiko da, martxoaren 30ean, Getxo Kulturako ohiko kanalen bidez.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Moises P. Sanchez piano jotzaile eta konpositoreak hasiko ditu kontzertu nagusiak uztailaren 1ean. Grammy Latinorako izendatua eta bi aldiz Musika Independentearen MIN Saria irabazle, artista madrildarra Espainiako jazz eszenaren balio nagusietako bat da. Eszenan hainbat hamarkada daramatza "jazzetik irekitzeko gai den hizkuntza propioa garatzen", hala nola musika garaikidea, rock progresiboa edo soinu sinfonikoak, "haria eta emozioa inoiz galdu gabe".

Getxon, besteak beste, 'Dedication II' azken laneko abestiak joko ditu, eta laukotera itzuliko da duela 15 urte New Yorken grabatutako izen bereko diskoaren lehen zatiari jarraipena emateko. Horretarako, lagun izango ditu Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta, gonbidatu berezi gisa, Cristina Mora abeslaria.

Bestalde, Immanuel Wilkins (1997, Philadelphia, AEB) saxo jotzaile gazteak itxiko du Getxo Jazz jaialdia uztailaren 5ean, "jazza tradizio bizi, arrisku-lurralde eta beste arte batzuekin hitz egiteko espazio gisa ulertzen duen belaunaldi berri baten erreferentea".

'The New York Times' egunkariak 2020ko jazz diskorik onena izendatu zuen 'Omega' bere lehen lanarekin hasi eta 'Blues Blood' azken lanera arte, "begirada handinahi eta irekiago batekin zabaldu du bere musika, ahotsak eta testura berriak gehituz, bere esentzia galdu gabe: zintzotasuna, espiritualtasuna eta konexio ahalmen indartsua". Oraingoan, laukotean izango da Getxon, Micah Thomasekin (pianoa), Ryoma Takenagarekin (baxua) eta Kweku Sumbryrekin (bateria) batera.

Ohi bezala, Getxo Jazzeko kartelburuen aurretik, Talde Lehiaketako bandak arituko dira. Aurten 44 taldek parte hartu dute lehiaketako aurretiko fasean eta, hautaketa batzordeak hala erabakita, Frame hirukote italiarra, Lurium seikote frantziarra eta Cristopher Perez Quartet eta Saul Andreu Quartet talde espainiarrak lehiatuko dira final handian.

Irabazleak 4.500 euroko saria eta zuzeneko CD bat grabatzeko aukera izango du. Horrezaz gain, jaialdiaren azken egunean joko dute berriro. Era berean, irabazleek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissa Jazz (Ibiza) jaialdietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen lankidetza hitzarmenaren bitartez. Lehiaketaren bigarren saria 1.900 eurokoa izango da eta bakarlari onenak 950 euro jasoko ditu.

KARTELA

Bestalde, antolakuntzak iragarri du CharLee Mito ilustratzaile bilbotarra dela Getxo Jazzaren aurtengo edizioko kartelaren egilea. Ibilbide luzeko profesionala, EHUn Arte Ederretan lizentziaduna da, eta, lustrazioaz gain, diseinu grafikoan, bideo sorkuntzan eta musikan ere lan egin du.

Estilo moldakorraren erakusle, oso ezaguna da publizitatearen eta kartelen alorretan. Halaber, Euskal Irudigileak elkarteko (Euskal Ilustratzaileen Elkarte Profesionala) kidea da, eta sormen lana ikusarazteko hainbat ekintzatan parte hartzen du.

Antolakuntzak iragarri du CharLee Mito ilustratzaile bilbotarra dela Getxo Jazzaren aurtengo edizioko kartelaren egilea. Ibilbide luzeko profesionala, EHUn Arte Ederretan lizentziaduna da

Bere lanen artean, besteak beste, BBK Legends 2024 jaialdiaren kartela, 'Una calle para Juanita Mir' proiektua eta Libracos-entzat 'Pop Up' liburuen edizioa nabarmendu daitezke. Nazioartean, aipatzekoa da Frantziako Tourreko 2023ko kartela aukeratzeko sei artista finalistetako bat izan zela; gainera, Bogotako (Kolonbia) 2024ko Ilustropia Vol. 2 Nazioarteko Jaialdiko gonbidatu nabarmenetako bat izan zen eta Bolognako (Italia) Haur Liburuen Azokan ere parte hartu du.

Getxoko jaialdiaren kartelaren irudiarekin, musikaren eta kulturaren balioa aldarrikatu du egileak, gerraren basakeriaren aurrean babesleku gisa. Mezu hori islatzeko, Charlie Parker mitikoaren 'bird' goitizenean inspiratutako elementu metaforikoez baliatu da, baita jazz modernoaren mezenas izan zen Pannonica de Koenigswarterren lanean ere, Getxoko eraikin enblematikoenetako bat ahaztu gabe, Arriluzeko Naufrago Etxea.