Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du suteak eragitea leporatuta, azken hilabeteetan Irunen (Gipuzkoa) 20 ibilgailu nahita erre izanaren harira, mugapeko udaltzaingoekin elkarlanean egindako ikerketa baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Atxilotuari leporatzen dioten lehenengo delitua 2025eko irailaren 6an gertatu zen Irunen. Egun horretako goizaldean, Anaka auzoan hiru autok su hartu zuten, eta sutea nahita eragin zutela zehaztu ahal izan zuten.

Egun horretatik aurtengo urtarrilera bitarte, jarduteko modu berarekin hiriko eremu berean nahita egindako antzeko beste 12 sute izan ziren. Ekintza horien ondorioz, guztira 20 ibilgailu kaltetu ziren, hala nola autoak, furgonetak eta ziklomotorrak, eta batzuk erabat kiskalita geratu ziren.

Kasu guztietan, egileak gauez jarduten zuen. Anaka auzoko leku ezberdinetan aparkatuta zeuden ibilgailuen gurpiletan elementu sukoiren bat jartzen zuen, eta patinete elektriko bat erabiltzen zuen mugitzeko. Ibilgailuen jabeen artean ez zegoen inolako konexiorik.

Hilabeteotan egindako ikerketari eta Irungo Udaltzaingoarekin elkarlanean egindako zaintza dispositiboei esker, 25 urteko gizon bat identifikatu zuten ibilgailu horiek nahita erretzearekin zerikusia zuelakoan, eta, beharrezko frogaketak egin ondoren, Ertzaintzak astelehenean atxilotu zuen.

Ondoren, bere etxebizitzan sartu eta miaketa egin zuten, eta, beste hainbat ebidentziaren artean, 350 bat metxero eta erregai kargagailu bat konfiskatu zituzten, baita patinetea eta suteak eragiteko unean soinean zituen hainbat jantzi ere. Asteazken honetan polizia egoitzan beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua agintaritza judizialarengana eramango dute.