Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du Elantxobeko (Bizkaia) portuaren barruko dartsenaren azalera handitzeko proiektua, portuaren barruan ibilgailuen trafikoaren antolaketa hobetzeko eta bertara sartzen direnen segurtasuna indartzeko. Esku hartzeak 960.869,45 euroko oinarrizko aurrekontua du (BEZik gabe), eta bederatzi hilabeteko egikaritze epea.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, proiektuak aurreikusten du Portu kalearekin bat datorren Erriberako kaia eta ontziolaren dikearen hasiera elkartzen diren lekuan azalera 300 metro koadro inguru handitzea. Espazio horretan biribilgune txiki bat jarriko da, ibilgailuak portuan sartzeko eta irteteko maniobrak errazteko eta zirkulazio arinagoa eta ordenatuagoa ahalbidetzeko.

Elantxobeko portua zaku-hondoa da gaur egun, eta bertara iristeko errepidea amaitzen da. Horrek zaildu egiten du ibilgailuak biratzea, eta maniobra konplexuak sortzen ditu une jakin batzuetan. Biribilgune berriarekin maniobrak egiteko aukera nabarmen hobetuko da eta pilaketak izateko arriskua murriztuko da, gidarientzako zein oinezkoentzako segurtasuna bermatuz.

Jarduerari esker, gainera, larrialdi zerbitzuak portuan bertan dagoen heliportura sartu ahal izango dira. Izan ere, azpiegitura hori funtsezkoa da ospitale handietatik urrun dauden herrietan premiazko osasun arreta emateko.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak nabarmendu du proiektuak portuetako azpiegiturak kostaldeko udalerrien egungo beharretara egokitzeko helburuari erantzuten diola: "Portuak espazio biziak dira, eta mugikortasun premiei eta herritarrek egunero erabiltzen dituztenei erantzun behar diete. Horrelako jarduerekin, segurtasuna, irisgarritasuna eta portuaren eta udalerriaren arteko harremana hobetzen ditugu".

Esku hartzea 2024ko uztailean behin betiko onartutako Elantxobeko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren barruan sartzen da. Plan horrek portu azpiegituren garapen jasangarrirako eta azpiegitura horiek hiri eta natur ingurunean integratzeko ibilbide orria ezartzen du.

Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 9an amaituko da, eta, behin obrak esleituta, lanak 2026ko irailerako hastea aurreikusten da.