Bizipark bizikleta pribatuentzako lehenengo aparkaleku publiko segurua jarri da martxan ostegun honetan Getxon (Bizkaia), Algortako Manuel Gainza aparkalekuan, eta 32 bizikleta gordetzeko gaitasuna izango du.

Bizipark berriaren inaugurazioan izan dira Carlos Sergio Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotzia eta, Bizkaiko Foru Aldunditik, Sonia Perez Garraio Mugikortasun eta Turismo diputatua eta Angel Anero Mugikortasuneko zuzendaria.

Esperientzia pilotu bat da, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu publiko hori prest jartzeko eta hasteko sinatutako akordioaren emaitza, hain zuzen ere. Bizipark zerbitzua dagoeneko abian da lurraldeko beste udalerri batzuetan.

Bada, 32 bizikleta gordetzeko lekuaz gain, kudeaketarako software bat Internet bidezko konexioarekin, sarbideak kontrolatzeko sistema, barruko argiztapen iraunkorra, suaren aurkako zortzi segurtasun armairu banakako elektrizitate hargunearekin, eta Udaltzaingoaren segurtasun zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza sistema bat ditu aparkalekuak.

16 urtetik gorako erabiltzaileentzat da (18 urtetik beherakoek tutorearen bidez erregistratuta egon beharko dute), eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, urteko 365 egunetan. Zerbitzuaren kudeaketarako gaitutako web plataformaren bidez, interesdunek alta eman eta ordainketa egin ahal izango dute, aukeratutako erabilera modalitatearen arabera.

Sistemak Getxon zein udalerritik kanpo bizi diren pertsonak erregistratzea ahalbidetuko du, sarbide ordenatua eta gardena bermatuz. Plazak eskaeraren ordenaren arabera esleituko dira, erabilgarri dagoen edukiera bete arte, eta itxaron zerrenda bat ezarriko da eskaera handiegia bada. Erabiltzaileek hurrengo bonu hauek kontratau ahal izango dituzte: hilekoa, 4 euro; hiruhilekoa, 10 euro; seihilekoa, 20 euro; urtekoa, 40 euro.

Hitzarmenaren esparruan, Bizkaiko Aldundiak 50.000 euroko zuzeneko diru laguntza eman dio Getxoko Udalari, aparkaleku modulua kokatuta dagoen Manuel Gainza aparkalekuko -1 solairuko espazio bat egokitzeko eta ekipatzeko lanak finantzatzeko (Biziparkerako sarbidea aparkalekuko ibilgailuen irteeran dago, Bolue kalean). Udalak bere gain hartu du zerbitzuaren kudeaketa eta mantentzea.