Ertzaintzak 49 pertsona eta 16 ibilgailu identifikatu zituen Ugao-Miraballesko (Bizkaia) udal barrutiko diskoteka baten inguruan ezarritako prebentziozko dispositiboan igandean, martxoaren 1ean, eta atestatu bat abiatu zuen droga trafikoagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertaintzako Ibaizabalgo ertzain-etxeko, Brigada Mugikorreko, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateko eta Txakur Unitateko baliabideek parte hartu zuten operatiboan, eta guztira bederatzi arma konfiskatu zituzten, horien artean ukabil amerikar bat, homologatu gabeko defentsako esprai bat eta giltza labana bat; horiek zeramatzatenen aurkako espedienteak hasi ziren Herritarren Segurtasunerako Legea ezarriz.
Era berean, agenteek beste lau pertsona zehatzeko proposatu zituzten Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoari jarraikiz, substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik.
Ertzaintzak kalean Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan egiten dituen prebentzio lanen emaitza dira esku hartzeak.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Ertzaintzak 18 eta 20 urte bitarteko lau gizonezko atxilotu zituen igandean Ortuellan (Bizkaia), bertako industrialde bateko enpresa batean 180 kilo inguru kable lapurtzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Igandeko 21:00ak aldera Ertzaintzak jakin zuen lapurreta egin zutela Ortuellako udal barrutiko Abra industrialdeko enpresa batean. Bertaratu ziren agenteek lau pertsona ikusi zituzten enpresaren pabiloiaren atzealdean, lapurtutako kablea manipulatzen, eta trenbidetik ihes egiten saiatu ziren.
Antza denez, lau susmagarriek enpresa inguratzen duen hesiaren gainetik jauzi egin zuten eta 180 kilo inguru kable lapurtu zituzten, eta, ondoren, atzetik irten ziren, perimetroko hesian kalteak eraginez. Harrapatu eta identifikatu zituztenean, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten.
Atxilotuak 18 eta 20 urte bitarteko lau gizon ziren, polizia egoitzara eraman zituzten eta, beharrezko eginbideak amaitu ondoren, epailearengana eramateko zain daude. Ertzaintza ikertzen ari da atxilotuak industrialde horretan gertatutako antzeko beste gertakari batzuetan inplikatuta ote dauden jakiteko.