Síguenos en redes sociales:

Asun Casasola Ipuin Lehiaketako sariak banatuko dira ostegunean Irunen

Indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa

Asun Casasola Ipuin Lehiaketako sariak banatuko dira ostegunean IrunenPAREAN BERDINTASUN ELKARTEA

Asun Casasola Ipuin Lehiaketako lan irabazleak aurkeztu eta sariak banatuko dira ostegunean, martxoaren 5ean, Irungo (Gipuzkoa) Kabigorri ateneoan.Ekitaldian ipuin irabazleak irakurriko dira musikaz lagunduta, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffageren ama Asun Casasolak erakutsitako kemenari eta borrokarako grina izugarriari aitortza egiteko asmoz sortu zen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa 2013an. Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen lehiaketa, eta literatura lagun, horretan dihardute urtez urte antolatzaileek.

Bada, emakumeak izan dira aurtengo edizioko idazleen %60 eta jatorri anitzetatik jaso dira ipuinak; erdia baino gehiago Euskal Herritik bertatik jaso dira, baina badira Katalunia, Espainia, Kuba, Argentina, Peru, Chile edo Kolonbiatik iritsitakoak ere. 'Helduak gazteleraz' izan da ipuin gehien jaso duen kategoria, eta ondoren 'Gazteak euskaraz'.

"Gure erronka nagusiena beti da gazteak lehiaketa honetan parte hartzea eta hori posible egiten duten eskolei gure eskerrik beroena eman nahi diegu. Gainera, geroz eta gehiago dira gure lehiaketa indarkeria matxista lantzeko bitarteko pedagogiko gisa erabiltzen duten ikastetxeak", adierazi dute.

Hain zuzen, Nafarroako Larraintzarko eskola, Orereta ikastola, Hondarribiko Talaia institutua, Markinako BHI institutua, Irungo Eguzkitza eskola eta Toki Alai BHI, IES Ellacuria-Zurbaran BHI institutua edota Barkaldoko Antonio Trueba institutua aipatu dituzte, "haiek gabe lehiaketa honek ez zuelako zentzurik izango".

Bestalde, epaile lanetan jardun direnei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete. Helduen euskarazko kategorian, Yurre Ugarte, Ainara Zuhazabeitia eta Aitziber Zapirain aritu dira; Gazteen euskarazko kategorian, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Esther Lopez; Gazteen gaztelaniazko kategorian, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez; Helduen gaztelaniazko kategorian, Marian Benitez, Mertxe Tranche eta Mari Jose Noain.

"Indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa, bera omenduz baita guztion hitzak batuaz berdintasunen bidea eraikiz"

Sari banaketa ekitaldia ostegunean egingo da, 19:30ean, Irungo Peña kaleko Kabigorri ateneoan.Irabazleak bertan ezagutuko dira, eta ipuin irabazleak irakurriko dira musikaz lagunduta.Irakurleak Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta MariaLui Garcia kazetariak izango dira, Maite Elizondoren musikaz lagunduta.Aurkezle lanetan Joana Ochoteco eta Nerea Sarriegi egongo dira, eta Asun Casasola bera ere bertan izango da.

"Indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa, bera omenduz baita guztion hitzak batuaz berdintasunen bidea eraikiz", adierazi dute.