Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour Gipuzkoa programaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute astelehen honetan. Musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako artista profesional berri eta erdi-profesionalei zuzendutako egitasmoa urtean zehar garatuko da lurraldeko hainbat gune eta jaialditan, eta 2026ko edizioan 153 proiektu jaso ditu.

Aurkezpen agerraldian nabarmendu dutenez, edizio berri honetan, programak bere apustua berretsi du Gipuzkoako talentua balioan jartzeko eta sustatzeko eta lurraldeko eszenaldi kulturalaren dinamizazioan laguntzeko.

Horrela, guztira, 2026ko deialdian 153 izen-emate izan dira (128 musika proiektu eta arte eszenikoetako 25 proiektu aurkeztu dira), "eta horrek programak pizten duen interesa eta tokiko sortzailentzat erreferente dela erakusten du".

Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuak azpimarratu du Katapulta Tour Gipuzkoa "lurraldeko talentu sortzailea laguntzeko eta profesionalizaziorako aukera errealak sortzeko tresna estrategikoa" dela. Bere hitzetan, "parte hartzeak Gipuzkoako eszena kulturalaren bizitasuna erakusten du, eta artistak espazio, publiko eta agente kulturalekin lotzen dituzten politika publikoak eraikitzen jarraitzeko beharra adierazten du".

"Programa honek ez ditu soilik proiektu indibidualak bultzatzen, baizik eta kultur ekosistema osoa indartzen eta erakundeen, aretoen, jaialdien eta sortzaileen arteko lankidetza ere sustatzen du", gaineratu du.

Bestalde, Ainara Guzman Kutxa Fundazioko arduradunak adierazi duenez, "Gipuzkoarekin dugun konpromisoa sentitzen dugu, eta gure helburua da haren aurrerapena kulturaren eta haren agenteen bidez bultzatzea, bai eta lurraldearen garapen jasangarrian duten funtsezko papera aitortzea ere. Kutxa Fundaziotik talentu berritzaile eta erdi profesionalen profesionalizaziorako apustu egiten dugu".

"Horretarako, ez diegu soilik emanaldiak egiteko espazioak eskaintzen, hala nola Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba, baita prestakuntza programa espezializatu bat ere. Uste dugu ikusgarritasun eta prestakuntza aukeren konbinazioa gakoa dela haien ibilbideak garatzeko eta Gipuzkoako kultura sektorea indartzeko", azaldu du.

HAMAR PROIEKTU

Alor ezberdinetako profesionalek eta teknikariek osatutako epaimahai batek hautatu ditu 2026ko Katapulta Tour Gipuzkoa programan parte hartuko duten hamar proiektuak: Femm Vocal Jazz, Nhil, Geminiss, Del Val, Isora, Nuria López García, Kattalin eta Nenufarrak eta 'Argazki bat behelainoan' musikan, eta Ander Sanchez eta 'Sorginduak, Teatro de Títeres' arte eszenikoetan.

Hautatutako artistek Gipuzkoako hainbat gune eta jaialditan launa emanaldi eskainiko dituzte, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Gainera, emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbi bat jasoko dute, bideo promozional bat grabatuko dute eta doan izango dute sarbidea komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza programa batera, Musika Bulegoarekin lankidetzan.

Guztira, 2026ko deialdian 153 izen-emate izan dira (128 musika proiektu eta arte eszenikoetako 25 proiektu aurkeztu dira), "eta horrek programak pizten duen interesa eta tokiko sortzailentzat erreferente dela erakusten du"

Deialdi honetan, aurrekoetan bezala, nabarmentzekoa da aurkeztutako proiektuen jatorri aniztasuna, eta horien artean nabarmena da hiriburutik harago dauden udalerrien presentzia, hala nola Arrasate, Beasain, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia, besteak beste. Era berean, nabarmentzekoak dira euskarazko proiektuak (96), 30 urtetik beherako kideak dituztenenak (84) eta emakumeen parte hartzea dutenak (90).

Musika proposamenek estilo aniztasun zabal bat hartzen dute; adibidez, rockaren mota desberdinetako proposamenak, baita pop, blues, soul, jazz, folk eta flamencokoak ere, besteak beste. Era berean, arte eszenikoek barne hartu dituzte umorezko bakarrizketak, antzerki lanak, magia ikuskizunak, txotxongiloak eta formatu txikiko performanceak.

Programa lurraldeko espazio kultural eta jaialdi sare batekin lankidetzan antolatzen da. Horrela, aurreko edizioan parte hartu zuten jaialdi batzuk izan ziren Adarretatik Jaialdia (Zarautz), Arrasate Blues (Arrasate), Atlantikaldia (Errenteria), Bertako Haragien Azoka (Tolosa), Gararock Festibala (Mendaro), Glad is the Day (Donostia) eta Kilometroak Jaialdia (Elgoibar).

Era berean, emanaldiak egin ziren Erribera Kulturgunean (Astigarraga), Areria Aretoan (Lazkao), Biteri Kultur Etxean (Hernani), CBAn (Irun), Itsas Etxea Auditoriumean (Hondarribia), Museo Balenciagan (Getaria), Sanagustin Kulturgunean (Azpeitia), Topicen (Tolosa) eta Txomin Agirre Kaian (Zumaia), besteak beste.