Bizkaiko Foru Aldundiak Arrigorriagan dagoen Martiartu industrialdea eta Ugao-Miraballes herrigunea Zeberioko udalerriaren mugaraino lotuko dituen bizikleta eta oinezkoen ibilbide berriaren behin-behineko proiektua egin du. Egitasmoa 19.392.731,29 euroko aurrekontuarekin eta 24 hilabeteko egikaritze epearekin abiatuko da.

Proiektua trazadura mailan garatuko da ondoren eraikuntza proiektu gisa idazteko, eta erantsitako oinezkoen trafikoa izango duen 3,14 kilometro luzeko bi norabideko bidegorria egiteko beharrezko obrak definitzen ditu.

Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru saileko ordezkariak Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearekin bildu dira ostireal honetan proiektua aurkezteko, aurretik Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin egin bezala.

Jarduketa bi zatitan banatuko da. Lehenengoa, ia bi kilometrokoa, Martiartu industrialdetik abiatzen da, IATren eremua eta Arrigorriagako zerbitzugunea zeharkatzen ditu, eta Ugao-Miraballeseko herrigunearen ingurura iristen da; bigarrena, berriz, kilometro bat baino gehixeagokoa, Nerbioi ibaiaren eskuineko ertzean dauden bideetatik eta bidexketatik igarotzen da, Ondategi, hilerria eta Lehen Hezkuntzako Eskola zeharkatuz, Zeberioko mugara iritsi arte.

Trazadura Nerbioi ibaiaren ibilguarekiko paraleloan garatuko da eta Txako industrialdetik sartzeko biaduktu bat eraikitzea aurreikusten du, ibaia gainditu eta bizikletentzako bidezidorrarekin lotzeko. Malda handiko eta material ezegonkorreko mendi-hegaletan egonkortze neurri bereziak proiektatu dira, hala nola egitura ainguratuak eta bioingeniaritzako teknikak, segurtasuna eta ibilbidearen ingurumen integrazioa bermatzeko.

Ibilbide osoa eguzki luminariekin argiztatuta egongo da, AP-68 autobideko biaduktuaren azpiko zatian izan ezik, tarte horretan argiztapen konbentzionala instalatuko baita eguzki hargunerik ez dagoelako.

Trazadura proiektuak jendaurreko erakusketaren eta entzunaldiaren izapideak beteko ditu orain, zenbatespenen arabera alegazioak aurkezteko eta aztertzeko bi hilabeteko epearekin. Prozesu hori amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatuko du Arrigorriagako eta Ugao-Miraballesko udalekin, bidegorriaren zatien titulartasunak eta mantentze lanak zehaztearen ondoreetarako.

Obrak Bizkaiko Foru Aldundiak egingo ditu, eta udalek, berriz, euren gain hartuko dute hitzarmen horretan zehaztutako sekzioen kontserbazioa. Epeak aurreikusitakoaren arabera betetzen badira eraikuntza proiektua 2026aren amaieran onar daiteke, eta, horri esker, obrak 2027ko lehen seihilekoan hasi ahal izango dira.