Abestu Euskadiko Orkestrarekin egitasmoaren bigarren edizioaren baitan herritarren abesbatza prestatzeko hamar entseguetako seigarrena izango da asteazkenean, otsailarten 18an, eta egindako lanaren emaitza martxoaren 13tik 18ra bitarte ikus ahal izango da Baluarte, Euskalduna eta Kursaaleko eszenatokietan, Euskadiko Orkestraren ondoan.

Euskadiko Orkestratik jakinarazi dutenez, joan den urtarrilaren 14an hasi ziren proiektuaren bigarren aldiko entseguak, eta asteazkenero, bi hilabetez, 600 ahotsen artean zozketa bidez hautatutako 132 herritarrez osatutako talde bat biltzen da orkestrak Miramonen duen egoitzan entseatzeko. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izan zen gutxieneko musika prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea, baita entseguetara ahalik eta gehien joateko konpromisoa hartzea ere.

Saioetan egindako lanaren emaitza ikusgai izango da orkestraren denboraldi sinfonikoaren baitan, 'Schumann / Respighi' izeneko programan, Riccardo Frizzaren zuzendaritzapean. Kontzertuak honako egun hauetan izango dira: martxoaren 13an Iruñeko Baluarte Auditoriumean, martxoaren 14an Euskalduna Bilbao Jauregian eta martxoaren 16an eta 18an Donostiako Kursaal Auditoriumean.

Pablo Sorozabalen 'Euskalerria', Georges Bizeten 'Carmen' operako 'Martxa eta korua' eta Antonio Vivaldiren 'Gloria' lanen interpretazioak 10-15 minutu iraungo ditu abesbatza misto eta orkestrarako, eta Easo Abesbatzako 40 kide izango ditu aukeratutako abesbatza taldeari laguntzeko. Gorka Mirandak zuzenduko du talde korala.