Miguel Castells abokatuak jasoko du 2026ko Monzon-Ganuza saria
Miguel Castellsi saria emateko ekitaldi irekia martxoaren 10ean izango da, 18:30ean
Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak iragarri dute "Euskal Herriko legediaren historian erreferente" bihurtu den Miguel Castells Artetxe (Busturia, Bizkaia, 1931) abokatuak jasoko duela 2026ko Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria. Castellsek martxoaren 10ean jasoko du saria, Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan egingo den ekitaldian.
Bergarako Olaso Dorrean izan den prentsa agerraldian jakinarazi dute sarituaren izena Gorka Artola Bergarako alkateak eta Irati Jiménez Olaso Dorrea Fundazioko presidenteak.
Artolak gogorarazi du sariak Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omendu nahi dituela, "askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egin zuten ibilbideagatik". Sariaren antolatzaileen arabera, "utopia ez da helmuga bat, egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea baizik".
Horregatik, 2021. urtetik gaurdaino, Monzon-Ganuza sariak bizi osoa Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde eman duten pertsonak omendu ditu: Libe Goñi (2021), Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui (2022), Xabier Amuriza (2023), Jose Mari Esparza (2024) eta Amaia Zubiri (2025).
Bada, edizio honetako hautatua Miguel Castells da, "Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua". Busturian jaio zen 1931n, eta gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: ama bost urterekin galdu zuen, eta, Terueleko bataila galdu ostean, aita espetxeratu zuten.
1956tik abokatu aritu da, eta ordutik "ahulen alde lan egitea" hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. 1960ko hamarkadan, ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen.
Irati Jimenezek nabarmendu du Castells "erreferentziazko legelaria" dela eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. Orobat, "behartsuen aldeko konpromiso etikoari" eutsi izan diola azpimarratu du.
Miguel Castellsi saria emateko ekitaldi irekia martxoaren 10ean izango da, 18:30ean, Bergarako Seminarioan. Sarituak euskal artista gazte baten obra jasoko du bertan.
Temas
Más en Sociedad
-
La Ertzaintza comenzará esta semana a sancionar la falta de baliza, con 80 euros
-
Detenido por lanzar artefactos explosivos desde su ventana durante el Carnaval de Las Palmas porque le molestaba el ruido
-
Realizan registros en París por la investigación sobre lazos con Epstein del exministro francés Lang
-
Itxaso cree necesario duplicar la oferta hasta las 10.000 viviendas anuales para dar respuesta al déficit acumulado