Síguenos en redes sociales:

Feminismoaren inguruko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunea sortu dute

Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu, eta idatzizko edukia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen euskarazko lehen corpusa da

Feminismoaren inguruko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunea sortu duteUtzitakoa

Feminismoaren alorreko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunea jarri dute martxan (https://leihomorea.eus/). Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu, eta idatzizko edukia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen euskarazko lehen corpusa da.

Berriki aurkeztu dute Leiho Morea webgunea Elhuyarren, Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan. Itziar Cortes Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak eta Margaret Bullen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Berdintasunerako zuzendariak hitz egin dute, eta halako proiektu batek gizartean duen garrantzia azpimarratu dute.

Izan ere, azaldu dutenez, "berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea".

"Berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea"

Alde horretatik, Leiho Moreak berdin balio du feminismoari begiratzeko zein munduari feminismotik begiratzeko. Horrela, kontsultarako baliabide bat da, feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dituena, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren bi atal ditu: hiztegia (terminoak eta definizioak kontsultatzeko) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma (terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko).

LEHEN ATALA

Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Orduan oinarrizko kontzeptuak bildu ziren, eta aurrerantzean kontzeptu gehiago eta adierazgarriagoak gehituko dira. Hala, euskarazko terminoak finkatzen eta kontzeptuen definizioak zehazten jarraitzeko bidea emango du.

Bigarren atalari dagokionez, Leiho Moreak bi eratako edukiak biltzen ditu: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, artikulu akademikoak, gidak) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldi feministak). Helburua da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzarekin zein edukiarekin lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa lanak egiteko.