CIC nanoGUNE Donostiako Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko Zentroak Udako Praktika Programan parte hartzeko urteroko deialdia zabaldu berri du, eta eskaerak bidaltzeko epea otsailaren 8ra arte3 dago zabalik. Programaren bitartez, zentroak "aukera paregabea" eskaintzen die unibertsitateko ikasleei puntako ikerketa zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko.
Donostiako zentroak prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Udako Praktika Programaren baitan, Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailetako unibertsitateko hamar ikaslek gutxienez bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera izango dute. Unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko dira nanozientzia kuantiko, nanomaterial eta nanomedikuntzako ikerketa proiektuetan.
Interesdunek otsailaren 8a baino lehen egin beharko dute nanoGUNEren webgunean programan parte hartzeko eskaera. nanoGUNEren webgunean bertan aurki dezakete ikasleek deialdiari buruzko informazio xehea (www.nanogune.eu).
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Bilboko Udalak ostegun honetan ireki du udal diru laguntzak eskatzeko epea interesa duten erakundeentzat. Guztira 3.775.779 euro banatuko ditu, eta eskaerak otsailaren 20ra arte egin daitezke, www.bilbao.eus webgunearen bidez edo herritarrei arreta emateko bulegoetako erregistroetan.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, programa hau "osagarri garrantzitsua" da udal sailek irabazi asmorik gabeko entitateen bitartez abiatzen dituzten jardueretarako. Ekitaldi honetan 11 arlotan banatuko dira laguntzak, eta garapenerako lankidetzakoak izango du aurrekontu sailiko handiena, 2.648.779 eurokoa, alegia.