Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gobernantza departamentuaren bitartez eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu zuzendaritzarekin elkarlanean, herritarrei dei egin die Gabonzahar gaueko ospakizunetan kontu handiz ibiltzeko eta zentzuz jokatzeko, batez ere material piroteknikoaren erabilerari dagokionez.

Urte amaierako ospakizunak direla eta, foru suhiltzaileen zerbitzuak ohartarazi du suziriak, bengalak eta bestelako piroteknia-gaiak erabiltzeak nabarmen areagotzen duela suteen eta istripuen arriskua.

Aldundiak gogorarazi du, ohar baten bidez, horrelako materialak arriskutsuak direla manipulatzen dituztenentzat ez ezik, hirugarren pertsonentzat ere, haien ibilbidea aurreikusi ezina delako eta ibilgailuetan, edukiontzietan, etxebizitzetan edo landaretza dagoen eremuetan suteak pizteko aukera dagoelako.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalerriei eskatzen die data horietan prebentzio eta zaintza neurriak indartzeko eta indarrean dauden udal ordenantzak zorrotz aplikatzeko, horien eskumena toki administrazioei baitagokie.

GOMENDIOAK

Arriskuak murrizteko, foru suhiltzaileen zerbitzuak gomendatzen du ez jaurtitzea artefaktu piroteknikorik ibilgailuen, edukiontzien edo erre daitezkeen beste elementu batzuen inguruetan, eta ez erabiltzea espazio itxietan edo eraikinetatik gertu, leihoetatik edo balkoietatik sar daitezkeelako.

Gomendatzen da material horiek soilik espazio irekietan eta material erregaietatik urrun erabiltzea, hala nola zaborretatik edo landaretzatik urrun, eta bereziki saihestu behar dira kontrolatu ezin diren elementuak, hala nola haizeak eraman ditzakeen faroltxo hegalariak.

Era berean, sua itzaltzeko oinarrizko bitartekoak eskura izatearen garrantzia gogorarazten da, hala nola su-itzalgailuak edo ura duten ontziak, eta edozein sute zantzu antzematen denean 112 telefonora berehala deitzearen garrantzia azpimarratzen da foru Aldunditik. Nolanahi ere, arduraz jokatzeko eta pertsona guztiek ingurune seguru eta lasai batean ospakizunez gozatzeko duten eskubidea errespetatzeko beharra azpimarratzen da.

GIDA PRAKTIKOA

Gabonzaharretako ospakizunetatik eta pirotekniaren erabileratik harago, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpimarratu du garrantzitsua dela etxean kontu handiz ibiltzea. Zerbitzuak, horrela, autobabeserako oinarrizko printzipio batzuk gogorarazten ditu etxean sutea gertatuz gero, hala nola sua piztu den gelako atea ixtea, etxetik irtetea giltza kanpotik jarrita, eta eskaileretara ez sartzea, kea edo sugarrak badaude.

Ildo horretan, Aldundiak gida praktiko bat jarri du herritarren eskura, etxean sutea gertatuz gero oinarrizko jarraibideak emateko. Dokumentu hori PDF formatuan dago eskuragarri, eta Gip.eus/suteak helbidean deskarga daiteke. Prebentzioko eta jarduketako gomendioak jasotzen ditu, hala nola sukaldeko erauzgailuen iragazkiak aldian-aldian garbitzea, entxufe elektrikoen gainkarga saihesteko beharra eta kez betetako eskailerak ez erabiltzea komeni dela.