Itsasoaren zaintzan inplikatutako Gipuzkoako itsas eragileek osatzen duten Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak biltzeko bederatzi ekintza bateratu antolatu ditu lurraldeko sei herritan azaroaren 29rako, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan.
Bere arduradunek jakinarazi dutenez, itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen duten 50 eragilek osatzen dute Itsas Zaintza Sarea. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortutako sarea itsasoaren kontserbazioan sustatzeko helburua du, inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa nabarmenduz.
Bada, azaroaren 29an, itsas hondakinen bilketak egingo dira 11:00etan hasita Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Deban eta Zumaian, itsas hondakin metaketa gune estrategikoetan, sareko eragileen ezagutzari esker identifikatuak.
"Itsasoa era zuzenean eta irekian kontserbatzeko data berezia izango da, ingurune naturala garbi mantentzeko eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzeko", adierazi dute.
Horrela, Itsas Zaintza Sareak komunitateari gonbita luzatu dio itsasoaren kontserbazioaren aldeko ahalegin kolektiboan parte hartzera. Era berean, itsasoaren egoeraz kezkatuta dauden itsas erakundeei dei berezia egin die, haien ezagutza "ezinbestekoa" delakoan kausa honetarako, eta sarean parte hartzeko gonbidatu die.
Interesa duten pertsonek sarearekin harremanetan jar daitezke bilketa bateratuan parte hartzeko edo sarearen parte izateko itsaszaintzasarea@mater.eus helbide elektronikoaren edo 619 814 225 telefono zenbakiaren bitartez.