Euskadiko Filmategiak Pio Caro Barojaren Guipúzcoa (1979) dokumentala proiektatuko du azaroaren 23an eta 30ean Donostiako Tabakaleran, bi emanaldi berezitan, Ipuscua izena lehenbiziko aldiz agertu zela mila urte bete izana ospatzeko antolaturiko ekitaldien barruan, Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Euskadiko Filmategiak jakinarazi duenez, filmak 3 ordu eta 45 minutu irauten du, eta 112 eta 95 minutuko bi emanalditan proiektatuko dute, hurrenez hurren, euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin. Lana 1976 eta 1979 artean filmatu zen, eta garaiko Gipuzkoako errealitate sozial eta kulturala jasotzen duen dokumentu etnografikoa da.

Gidoia Pio Caro Barojak berak idatzi zuen, bere anaia Julio Caro Baroja antropologo eta historialariaren laguntzarekin. Francisco Sanchez, Enrique Benet eta Enrique Diaz izan ziren argazki zuzendariak; musika aukeraketa eta gaztelaniazko narrazioa Javier Bello-Portuk eginak dira, eta euskarazko narratzailea Maria Dolores Agirre izan zen. Muntaia Guillermo S. Maldonadok egin zuen, eta Iñaki Beobide izan zen soinu-arduraduna.

Filmak parte hartzaile gehiago ere izan zituen, besteak beste, Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoa, Manuel Lekuona idazle eta ikertzailea, Fermin Leizaola etnografo eta idazlea eta Jesus Altuna antropologo eta arkeologoa.

DVD

Kutxa Fundazioak DVD bat argitaratu zuen 2005ean Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta, filma bera ez ezik, Pio Caro Barojari eginiko 18 minutuko elkarrizketa bat ere bildu zuten.

Egileak elkarrizketa hartan azaldu zuenez, dokumental "ireki" bat egitea izan zen asmoa, bai eta "gure arbasoek egindakoaren ideia sinple bat eskaintzea" ere, "bakoitzarentzat baliagarria izan dadin bere garapen pertsonalerako".

Filmak parte hartzaile gehiago ere izan zituen, besteak beste, Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoa, Manuel Lekuona idazle eta ikertzailea, Fermin Leizaola etnografo eta idazlea eta Jesus Altuna antropologo eta arkeologoa

Filma Euskadiko Filmategiaren sail teknikoak digitalizatu du, bere artxiboan gordeta dagoen kopia batetik abiatuta. Lanaren gaineko eskubideak Kutxa Fundazioarenak dira, eta abenduaren 10etik aurrera, Kutxa Fundazioaren eta Euskadiko Filmategiaren webguneetan ikusi ahal izango da.