Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganbera musikako zikloaren denboraldiko hirugarren hitzordua izango da larunbatean, azaroaren 15ean, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Euskadiko Orkestraren perkusionistek osatutako BosEo Percussion Group taldeak eskainiko du. Sarrera guztiak salduta daude.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, BOSen eta Euskadiko Orkestraren tinbal eta perkusio sailen arteko lankidetzaren emaitza da BosEo Percussion Group, eta bi orkestretako zortzi musikari daude taldean: Igor Arostegi, Elur Arrieta, Joaquin Carrascosa, Jose Luis Carreres, Anthony Lafargue, Hector Marques, Andreu Rico eta Vicent Zaragoza.

Indarrak batzeari esker, taldeak errepertorio askoz zabalagoa landu ahal izango du interpreteen kopuruari dagokionez, oso gutxitan izaten baita hain multzo ugariarentzat sortutako obrak interpretatzeko aukera.

Programak soinu ibilbide zabala eskainiko du: folklore inspirazioko konposizioetatik hasi eta ganbera musika "perkusiboari" aplikatutako teknologia berriak dituzten lanetaraino. Pieza bat ikusi ere egin ahal izango da, non ez den inolako instrumenturik erabiliko, baizik eta gorputzaren mugimendua bakarrik, adierazpen bide gisa.

LANAK

Era berean, nazioartean ospe handia duten musikagileen lanak interpretatuko dira: Piotr Ilitx Txaikovski, 'Intxaur-hauskailua' lanaren suitearen moldaketa delikatuarekin; Christopher Rouse estatubatuarra, "Karibeko soinuetara garamatzan" kinteto batekin, eta Steve Reich, 'Music for Pieces of Wood' lan enblematikoarekin, kultura guztietan dagoen jatorrizko perkusio instrumentuan oinarritzen dena: zurezko piezak.