Euskal Herriko Gazteen Abesbatzak (EHGA) 2026-2027ko denboraldirako ahots berriak bilatzeko hautaproba prozesua jarri du martxan. Isabel Mantecon zuzendariak zuzenduko du etapa, Txomin Maidagan musikari gaztea zuzendari laguntzaile duela.
EHGAk jakinarazi duenez, hautaproben bitartez, euskal gazte koralistei aukera eskainiko zaie "esperientzia musikal eta pertsonal aberasgarri bat bizitzeko", aldi berean euren jatorrizko abesbatzekin duten konpromisoa indartuz.
Horrela, ahots kalitatea ez ezik, EHGAk goi mailako proiektu koral kolektibo batean parte hartzeko "jarrera, inplikazioa eta gogoa" ere bilatzen ditu.
Hautaprobak bi tokitan egingo dira: lehena igandean, azaroaren 16an, Donostian, eta bigarrena abenduaren 8an, Bilbon. Oraindik zabalik dago Bilboko deialdian izena emateko epea, eta azaroaren 30era arte egongo da irekita.
Probak doakoak dira eta honako hauek jasoko dituzte: bokalizazio ariketak, pianoaren laguntzaz lehen begiratuan irakurtzeko ariketak, Eva Ugalderen 'Zerupeko izar' lanaren interpretazioa eta lan libre batena parte hartzailearen aukeran (aria, lied, kanta edo pieza korala).
BALDINTZAK
Interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 2000n edo hortik aurrera jaioa izatea eta 2026ko uztailaren 15ean gutxienez 18 urte beteta izatea; dauden bi datetako batean hautaprobak gainditzea; ahal dela, EAEko abesbatza federatuetako kide izatea; urtean 100 euroko kuota bakarra ordaintzea; ikasturte horretan EHGAren proiektu guztietan aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartzea.