Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu du Ermuko Udalarekin eta Izarra Fundazioarekin, Izarra Centre gunean lurraldeko industriako ETEentzako datugune bat ezartzeko. Azpiegitura digital partekatu, elkarreragingarri eta segurua izango da, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek aurrera egin dezaten datuen ekonomiarantz.

Leixuri Arrizabalaga foeru erakundeko bozeramaileak iragarri duenez, proiektuak guztirako 896.415 euroko inbertsioa izango du: Bizkaiko Aldundiak 467.500 euro jarriko ditu, eta udalerriak eta fundazioak aurrekontuaren gainerakoa.

2026an egingo da proiektuaren lehen urratsa, eta Debabarreneko Eskualdeko Plan Estrategikoan hartutako konpromisoei erantzungo zaie horrela, Debabarrena lehentasunezko jarduketa eremua baita lurraldeko industria eta ekonomia suspertzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko udal guztiek (Eibar, Deba, Elgoibar, Soraluze, Mutriku, Mendaro, Ermua eta Mallabia) sustatzen duten plana.

Bada, Bizkaiko industriako ETEentzako datugune berriaren bidez, ingurune federatu bat diseinatu, hedatu eta finkatu nahi dute, industria enpresek, administrazioek eta berrikuntza ekosistemako eragileek datuak ustia eta parteka ditzaten modu seguru, kontrolatu eta trazagarrian.

Plataformak ahalbidetuko du enpresek, ETEek batez ere, bakarka garatu ezin dituzten zerbitzu eta ahalmenak eskuratzea, eta, horrela, produktibitatea areagotzea, industria prozesuak optimizatzea, energia aurreztea eta datuetan oinarritutako negozio eredu gehiago sortzea.

EREDUA

Ermuko Udala izango da datutegiaren operadorea, eta azpiegitura komuna eta gobernantza eredua koordinatzeaz arduratuko da. Izarra Fundazioak, berriz, instantzia zentrala kudeatu, oinarrizko plataforma garatu eta egiaztapenetarako erabilera kasuak gauzatuko ditu zenbait eremutan, hala nola mantentze lan prediktiboan, energia eraginkortasunean edo industria trazabilitatean.

Proiektuak euskarritzat du IoT Basque Izarra Lab laborategian berrikuntza teknologikoan izandako aurretiazko esperientzia, entitate biak horren sustatzaileak izan baitira eta oinarri bihurtu baita gune berriaren kontzeptua eta aitzinirudi ingurunea lortzeko.