Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 33. edizioa azaroaren 3an hasiko da, Bilbon, eta abenduaren 4an bukatuko da, Zornotzan jokatuko den finalarekin. Guztira, 13 taldek parte hartuko dute, zortzik gaztetxoen mailan eta bostek nagusienean, hain zuzen ere.

Ekimenaren sustatzaileek aurkezpenean adierazi dutenez, Bertsolari Gazteen BBK Sariketak bertsolari gazteen plazaratzea du helburu nagusi. 1992an izan zuen lehenengo edizioa, eta aurten, beraz, 33 urte beteko ditu taldekako sariketak.

Ohi bezala, bi multzotan banatuko dira taldeak: gaztetxoak (A maila, 18 urtera arteko gazteak) eta nagusiak (B maila, 25 urtera artekoak). Iazko bideari jarraituta, eskualdeak izan dira taldeak osatzeko oinarria, baina ez irizpide nagusia.

Egiturari dagokionez: A mailakoek, orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte, eta B mailakoetan, iaz bezala, bikoteka hartuko dute parte sariketan.

A multzoan zortzi taldek hartuko dute parte, eta lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango dituzte; B multzoan, aldiz, bost taldek hartuko dute parte, eta bi finalaurreko eta finala jokatuko dituzte

Eliminazio sistemako txapelketa da. Horrela, A multzoan zortzi taldek hartuko dute parte, eta lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango dituzte; B multzoan, aldiz, bost taldek hartuko dute parte, eta bi finalaurreko eta finala jokatuko dituzte.

Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egingo du fase bakoitzean aurrera, eta horrela, multzo bakoitzeko talde bi helduko dira finalera.

Hainbat helburu ditu Bertsolari Gazteen BBK Sariketak. Esanguratsuena bertsolari gazteen plazaratzean laguntzea da, eta horretan "lagungarria da taldearen babesa". Edonola ere, bestelako helburu batzuk ere baditu, besteak beste, sei bertso saio antolatuta euskalgintzari eta kulturgintzari ekarpena egitea.

Publikoari dagokionez, kanporaketetako ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak izango dira, eta finalaurrekoetako publikoa euskara ikasleak, batez ere. Lehenengo lau saioak goizez jokatuko dira, eta gainontzeko hirurak (finalaurrekoak eta finala) arratsaldez.

Azaroaren 3an hasiko da bertsolari gazteen sariketa, Bilbon, eta abenduaren 4an amaitu, aurten ere Zornotzan, "Bizkaiko erdigune geografikoa delako, alde batetik, eta iazko esperientzia oso positiboki baloratu delako, bestetik".