Donostia Zinemaldiak eta Tokioko Cervantes Institutuak 'Donostia Japonian: SSIFF X Tokioko Cervantes Institutua' izeneko programa jarri dute martxan, bien arteko lankidetza sendotuz. Japoniako hiriburuan zinema emanaldiak egitea eta Tokioko Nazioarteko Zinemaldian elkarrekin parte hartzea barne hartzen ditu ekimenak.

Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez, lankidetza 2024an hasi zen, eta aurten 'Soy Nevenka' filmaren aurkezpenarekin zabaldu da. Koldo Zuazua ekoizlea eta Isa Campo idazlea Japonian egongo dira, ikus-entzuleekin egingo diren hainbat topaketatan parte hartzeko.

'Soy Nevenka' filma Sail Ofizialeko parte izan zen 2024ko Donostia Zinemaldian eta Agenda 2030 Basque Country saria jaso zuen. Tokioko nazioarteko zinema jaialdian emanaldi berezi gisa aurkeztuko da urriaren 30ean, sortzaileekin egingo den elkarrizketa batekin batera.

Halaber, 'Donostia Japonian: jaialdi baten historia' izeneko aurkezpena egingo da, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren, Lucia Olaciregui zuzendariordearen, Isa Campo gidoilariaren, Koldo Zuazua ekoizlearen eta Daniel Aguilar Zinemaldiak Japonian duen ordezkariaren parte hartzearekin, Tokioko Cervantes Institutuan.

Saioa publikoarekiko elkarrizketa ireki gisa antolatu da, eta Donostia Zinemaldiaren ibilbidea azaltzeko balioko du, baita Espainiako zinemaren sustapenean izandako eginkizuna eta Japoniarekiko harreman historikoa ere.

Topaketan, lehiaketaren eraldaketak, nazioarteko kolaborazioak eta ikus-entzule japoniarrek zinema iberiarrarekin duten gero eta interes handiagoa jorratuko dira, eta jardunaldiaren amaieran solasaldia izango da.