Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko 50. promozioaren graduazio ekitaldia egingo da ostiralean, urriaren 24an, Gipuzkoako campuseko Ignacio Mª Barriola zentroa, Donostian.

EHUk jakinarazi duenez, 1971ko irailean, 90 ikaslek Donostian hasi zituzten informatikako goi-mailako ikasketak bi urte lehenago Madrilen sortutako Informatika Institutuaren mende zegoen Informatika Zentroan.

Bost ikasturtetan egituratutako lehen ikasketa horiek izan ziren Informatikako Lizentziaturaren aitzindariak, eta 1976ko ekainean Donostian ikasketak amaitu zituzten ikasleek Informatika Fakultateko lehenengo promozioa osatu zuten.

Hain zuzen ere, 1976an bertan sortu zen ofizialki Donostiako Informatika Fakultatea (Madril eta Bartzelonakoekin batera), Estatuko Aldizkari Ofizialean martxoaren 4ko 593/1976 Dekretuan jasotzen den bezala.

FAKULTATEA

Ordutik, EHUko Informatika Fakultateak milaka profesional prestatu ditu eta eremuaren bilakaeraren lekuko eta agente izan da, 1980ko hamarkadan ordenagailu pertsonalak eta XXI. mendeko lehen urteetan smartphone gailuak zabaldu zirenetik, adimen artifizialaren eta konputazio kuantikoaren gorakadaraino.

Bada, ia mende erdi geroago, EHUko Informatikako 50. promozioko 104 ikaslek jasoko dute diploma ostiralean Donostian, Adimen Artifizialeko graduaren bigarren promozioko 33 ikaslerekin batera.

Ostiraleko ekitaldia 18:00etan hasiko da

50. promozioaren graduazio ekitaldia 2026an Informatika Fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko egingo diren ekitaldien atarikoa izango da. Ekitaldiak "aukera paregabea" izango dira fakultatean trebatu diren informatikari belaunaldi guztiak biltzeko.

Ostiraleko ekitaldia 18:00etan hasiko da eta, besteak beste, Naiara Aginako Bengoa Ikasleria dekanordeak, Nerea Ezeiza Ramos Informatika Fakultateko dekanoak eta Anne Baquedano Mella ikastegiko Ikasle Kontseiluko lehendakariak parte hartuko dute. Santa Cecilia Abesbatzaren emanaldiarekin amaituko da ekitaldia.