Getxo Kulturak proiektu eszeniko bat sortzeko Juana Bizkarra egonaldiaren seigarren edizioa antolatu du aurten ere konpainia profesional finkatu zein hasiberriei zuzenduta. Talde irabazleak 10.500 euro jasoko ditu lan eszeniko bat ekoitzi eta muntatzeko, eta egonaldia amaitu ondoren Muxikebarrin aurrestreinatzeko aukera izango du.

Getxoko Udaletik (Bizkaia) jakinarazi dutenez, proiektuak aurkezteko epea abenduaren 1era arte egongo da zabalik eta asteartean irekiko da, irailaren 30ean. Getxo Kulturak ohiko epeak aurreratu ditu aurten, konpainiei tarte zabalagoa eskaintzeko Muxikebarrin egonaldia doitu ahal izan dezaten proiektuaren produkzio plangintzaren barruan.

Juana Bizkarra egonaldiaren bitartez euskal kulturgintzari lagundu nahi zaio, espazio profesionala, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzezlanak, obra koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko.

Deialdiari buruzko informazio osoa https://getxo-kultura.eus/deialdiak/ webgunean dago eskuragarri

Era berean, sormen prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi zaie, kulturan duten ezagutza, esperientzia eta parte hartzea hobetze aldera. Ildo horretan, egoitzan zehar hiru topaketa egingo dira getxoztarrekin eta herriko taldeekin; azken horien kasuan, konpainia profesionalen eta tokiko kulturgintzaren arteko elkarrekintza sustatu nahi da.

DEIALDIA

Hautatutako ikuskizuna ekoitzi eta muntatzeko eta bitartekotza plana garatzeko epea 2026ko abuztuaren 22tik irailaren 18ra bitarte izango da. Egonaldia Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan egingo du aukeratutako konpainiak, eta datorren urteko azken hiruhilekoan aurrestreinaldirako bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaituko da.

Deialdian izena emana ahal izango du bere jarduera arte eszenikoen barruan garatzen duen edozein pertsona juridikok, hala nola antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak muntatzen dituzten antzerki, dantza, txotxongilo eta zirku konpainiek.

Deialdiari buruzko informazio osoa https://getxo-kultura.eus/deialdiak/ webgunean dago eskuragarri eta, edozein galdera egin nahi izanez gero, interesdunek honako helbide elektronikora jo dezakete: programazioa@getxo.eus.