Bilboko Udalak Haurgune, Kidegune eta KideLego First Lego League programen beste edizio bat jarriko du martxan, 850 plaza baino gehiago eskainiko ditu 3 eta 11 urte arteko adingabeentzat, eta plazen eskaera egiteko epea irailaren 9ra arte dago zabalik.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, aisialdi hezigarriko programak dira eta bi helburu nagusi dituzte: etxeko txikienentzako jolaserako eta ezagutzarako espazioak sustatzea eta ikasturtean zehar lana eta familia bizitza uztartzea erraztea.

Bada, 2025-2026 ikasturterako plazak eskatzeko epea zabalik dago jada, irailaren 9ra arte. Miribillako Haurgune eta Kidegunearen irekierari buruzko informazioa aurrerago emango da (abendurako aurreikusita dago). Izapideak www.bilbao.eus webgunearen bidez edo 944 010 010 (010) telefonora deituta egin daitezke.

Ikasturtea urriaren 1ean hasi eta 2026ko ekainaren 12an amaituko da, eta plazak gehitu dira KideLego First Lego Leaguen (64tik 94ra), iazko eskariari erantzuteko. Haurguneak eta Kideguneak Bilboko zortzi barrutietako 13 udaltegitan eskainiko dira -Abando, Abusu, Basurtu, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Deustu, Esperantza, Miribilla, Irala, Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotza-, eta jarduerak Bilboren ingurukoak izango dira.

KideLego First Lego League urriaren 4tik lehiaketaren egunera arte eskainiko da larunbatetan (2026ko martxoa), zortzi udaltegitan, (Abando, Basurtu, Begoña, Castaños, Deustu, Esperantza, Irala eta Miribilla).

Haurguneen eta Kideguneen ordutegia 17:30etik 19:30era izango da; Esperantzan, ostera, 17:00etatik 19:00etara izango da. Astelehen eta astearteen, eskaintza 2020tik 2022ra bitartean jaiotakoentzat izango da, asteazken eta ostegunetan 2017tik 2019ra bitartean jaiotakoentzat, eta ostiral eta larunbatetan 2014tik 2016ra bitartean jaiotakoentzat.

Salbuespenak Abusun, San Frantziskon eta Esperantzan izango dira eta www.bilbao.eus webgunean kontsulta daitezke. Haurgune bakoitzak 12 plaza izango ditu; Kideguneetan, berriz, 15 adingabek parte hartu ahal izango dute gehienez.

Aurtengo beste berritasun bat Esperantzan Kideantzerkia sortu izana da. Bertan, 9 eta 11 urte bitarteko parte hartzaileak antzerkiaren munduan murgilduko dira eta Kideguneko jarduerarekin uztartuko dira (jokoak, eskulanak, tailerrak). Kideantzerkiak 15 plaza izango ditu eta asteazkenetan egingo da, 17:00etatik 19:00etara.

KideLego First Lego Leaguen parte hartzen dutenen txanda larunbatetan izango da, 17:30etik 19:30era urtarrilera arte, eta 17:00etatik 20:00etara martxoaren amaierara arte. Multzo bakoitzean hamar neska-mutil egongo dira Challenge taldeetan, eta sei neska-mutil Explore taldeetan.

Hainbat erronka planteatuko dira Lego teknologia erabiliz pentsamendu kritikoa sustatzeko. Amaitzeko, taldeek First Lego Leaguen hartuko dute parte, seguruenik datorren urteko martxoan.