2025eko ekainean, Euskal AEko landetxetan sarrerak % 19,0 hazi dira eta ostatu-gauak % 19,6, aurreko urteko hil beraren aldean, Eustatek landutako datuen arabera. Urte arteko hazkunde horiekin, sarrera kopurua 20.190ekoa izatera iritsi da ekainean, eta ostatu-gauen kopurua 47.001 izan da guztira.
Aurreko urteko ekainarekin alderatuta % 16,7 hazi ondoren, atzerriko bisitarien sarrerak Euskal AEko landetxetan izandako sarrera guztien % 33,7 izan dira. Ostatu-gauen kasuan, bestalde, atzerritar jatorrikoenak guztizkoaren % 32,7 izan dira, 2024ko ekainaren aldean % 17,2 handitu ondoren.
Lurralde historikoen arabera, 2025eko ekainean, sarreren urte arteko hazkundeak % 23,3koak izan dira Bizkaian, % 19,9koak Araban eta % 16,1ekoak Gipuzkoan. Ostatu-gauei dagokienez, hazkundeak % 29,8koak izan dira Gipuzkoan, % 14,9koak Araban eta % 7,2koak Bizkaian.
Euskal AEn mota horretako establezimenduetan batez besteko egonaldia (1) 2,33 egunekoa izan da ekainean, 2024ko ekainean izandako 2,32 eguneko batez besteko egonaldiaren antzekoa.
Plazen eta logelen okupazio-mailek urte batetik bestera ehuneko 6,0 eta 6,5 puntu egin dute gora, hurrenez hurren; plazen arabera neurtuta % 35,5ean kokatuz eta logelen arabera neurtuta % 43,0an.
Apartamentu turistikoei dagokienez, 2025eko ekainean 28.597 sarrera izan dira; horren ondorioz, 75.458 ostatu-gau izan dira. Aurreko urteko ekainean erregistratutako datuekin alderatuz gero, % 57,4 igo dira sarrerak eta % 27,3 ostatu-gauak.
Apartamentu turistiko esaten zaio blokearen edo multzoaren modalitatean kudeatzen duen ustiapeneko enpresa-unitate baten ardurapean eskaintzen den ostatu-unitate bakoitzari. Ez dira epigrafe honetan sartzen turismo-erabilerako etxebizitzak, arrazoi turistikoengatik aldi baterako eskaintzen, merkaturatzen edo lagatzen diren etxebizitza partikularrak.