Aste Nagusia dela eta, Donostiako Udalak 24 orduko arreta-baliabideak aktibatzen ditu indarkeria sexistaren kasuak prebenitzeko eta artatzeko. Udalak dei egin die herritarrei indarkeria sexistarik gabeko Aste Nagusia ospa dezaten.
Donostiako udalak jakinarazi duen moduan, Eneko Goia alkateak pertsona guztiek, emakume zein gizon izan, jaiez gozatzeko aukera izan behar dutela azpimarratu du, askatasun eta segurtasun testuinguru batean. "Donostia erabat konprometituta dago zentzu horretan, eta gure batasuna ikusarazi nahi dugu askatasun hori bortxatzen duen edozein ekintzaren aurrean" nabarmendu du Goiak.
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak kanpainaren helburua jai-giroan eraso sexisten aurkako mezuak zabaltzea dela esan du, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ezagutza sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera proaktiboak sustatzea". Bi eremu lantzen direla azaldu du ere, prebentzioa eta arreta eta laguntza.
BESTE DATU BATZUK
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abuztuaren 6ean karabela portugaldarraren beste 16 ziztada kasu egon zirela baieztatu du, 15 Gipuzkoako hondartzetan eta 1 Bizkaian. Hauetatik bi pertsonek osasun-arreta behar izan zuten eta Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuarekin harremanetan jarri ondoren Euskadiko osasun-zentro eta ospitaleetara eraman zituzten.
Jaurlaritzaren esanetan, kasu hauetarako protokolo bereziaren arabera, bandera horia eta marmoken logotipoa duen bandera ipintzeaz gain megafoniaz bainu eremuan karabela portugesa begiztatu dela ohartarazi eta zuhurtzuaz bainatzeko eskatzen da. Egoeraren arabera horia beharrean badera gorria jarri eta bainatzea debekatu daiteke. Dena den marmokak edo karabela portugaldarrak badaude bainurik ez hartzea komeni da.
Hainbat gomendio eman ditu Osasun Sailak egoera hauetarako: marmoka edo karabela portugaldar batek ziztatzen bazaitu sorosleengana joan lehenbailehen, ez egin hazka, eta ez igurtzi hozka egindako lekuan. Itsasoko urarekin garbitu, sekula ez ur gezarekin. Hondarrak pintza batekin kendu, eskuarekin ez eskularruak ez badituzu. Eta hotza ona denez, hozkaren gainean izotz poltsa bat ipini dezakezu.