Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) irailaren 22ra arte ireki dute Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien 18. ediziora hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko epea.
Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, 2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusiak dira euskal soziolinguistika teorikoa eta metodologikoa garatzea eta berritzea, euskal soziolinguistikaren ikertzaileen lana bultzatzea eta ikertzaile berriak eremu honetara biltzea.
Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke, betiere oinarri zientifikoa badute edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen badituzte.
Diziplina askotatik proposatutako lanak izan daitezke, gainera, hala nola soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik, komunikazio zientzietatik edo bestetik.
Bada, lanak aurkezteko epemuga irailaren 22a izango da. Lehen saria 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat izango da, bigarrena 1.300 euro eta hirugarrena 1.000 euro.
Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak izenarekin Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Udaberri meteorologikoa lehorra izan da Kantauri isurialdean eta bustia Mediterraneo isurialdean, eta batez besteko tenperatura oso beroa, 1991-2020 aldiko batez besteko normala baino 0,8 gradu altuagoa, hain zuzen ere, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera.
Martxo, apiril eta maiatzean zehar bilakaera oso ezberdina izan da: martxoa beroa izan da itsasertzean eta normala barnealdean, apirila oso beroa izan da, eta maiatzean, berriz, tenperaturak normaltzen joan dira.