Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea lehen bilera erronda egiten ari da gainerako euskal unibertsitateetako errektoreekin, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea berritzeko bidean dagoenean.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Mondragon Unibertsitatean izan dira ostegun honetan Bengoetxea bera eta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Juana Aranguren, eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin eta Jon Altuna errektoreorde akademikoarekin bildu dira.

Euskal unibertsitate sistemaren ereduari buruzko ikuspegiak partekatu dituzte eta unibertsitateek konpartitzen dituzten erronketaz aritu dira. Unibertsitate berrien sorrera arautuko duen dekretuaren inguruan erakundeen artean lotu berri den akordioa ere izan dute hizpide, eta euren ikuspegiak partekatu dituzte.

Bi unibertsitateen arteko lehenengo bilera izan da

Era berean, herritarren ongizateari eta lurraldeko premiei erantzuteko beharrezkoa den elkarlanerako prest agertu dira biak ala biak, eta premia horien artean talentua sortu eta bertan mantentzea edo euskararen biziberritzea aipatu dituzte, besteak beste.

Bi unibertsitateen arteko lehenengo bilera izan da, baina ez EHUko errektorearen eta euskal unibertsitateen arteko lehenengoa; izan ere, EUNEIZen errektore Eva Eguigurenekin bildu da jada Bengoetxea. Aurki Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberriarekin elkartuko da, eta UPPA eta UPNAko errektoreekin ere hitzorduak itxiko ditu datozen asteota bertatik ondorioztatu duten bezala.