Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea eta Euskadiko Lan Ikuskaritza elkarlanean aritu dira Europako Lan Agintaritzarekin, basogintzan izaten diren laneko ezbeharren aurka talka plan bat martxan jartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lana eta Enplegua Sailetik jakinarazi dutenez, plan horretatik eratorritako jardueren baitan, asteazkenean eta ostegunean Europako Lan Agintaritzaren bisita bat izan zen, Frantziako, Portugalgo eta Italiako ikuskaritzekin batera, basogintzan jarduerak egiten dituzten pertsonen lan baldintzak eta laneko segurtasun eta osasunekoak hobetzeko esperientziak partekatzeko asmoz.
"Sektore horretan, Europa osoa dago kezkatuta lan istripuen eragin handiagatik eta horien larritasun bereziagatik", adierazi dute.
Osalaneko, Euskadiko eta Espainiako lan ikuskaritzetako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Portugal, Italia eta Frantziako ikuskaritzetako teknikariek osatutako hiru lantalde sortu dira, Legazpin, Soraluzen eta Beasainen dauden baso lantegietara bisitak egiteko.
Bisita horietan, bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte basogintzan ezarritako lan baldintzak eta segurtasun praktikak, eta horrela, parte hartzaile guztiek beren oharrak partekatu eta hobetu daitezkeen arloak adierazi dituzte.
Sektoreko lan baldintzak hobetzeko eta ezbehar tasa murrizteko elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Europako Lan Agintaritzak eta erakunde laguntzaileek.
"Batera egindako ahalegin hori urrats garrantzitsua da basogintzako jardueretan parte hartzen duten langile guztientzako, lan ingurune seguruagoa eta osasungarriagoa sortzeko bidean", adierazi dute Jaurlaritzatik.