Bilboko BBK Salak BBK Music Legends zikloak Carolyn Wonderland, The Christians, Joan Osborne eta Cracker bilduko ditu 14. edizioan, azaroan, eta lau kontzertuotarako sarrerak ekainaren 13an jarriko dira salgai, 10:00etan, BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdia hastearekin batera.

BBK Salak eta Dekker Events sustatzaileak antolatutako BBK Music Legends zikloa da ekainean Bilbon ospatzen den BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiaren sorburua. Zikloak aukera ematen du artista handien zuzeneko musikaz areto txikian gozatzeko, jaialdiaren udako hitzorduaren osagarri modura, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Bada, zikloaren 14. edizioa hasteko, Carolyn Wonderland Texasko gitarra jotzaile eta abeslaria ariko da azaroaren 1ean. Bere ahots indartsuagatik da ezaguna, baita bluesa, tex-mexa eta rock and rolla nahasteko duen "estilo adierazkorragatik" ere.

Zikloak aukera ematen du artista handien zuzeneko musikaz areto txikian gozatzeko, jaialdiaren udako hitzorduaren osagarri modura, antolatzaileek jakinarazi dutenez

Liverpoolgo The Christians taldea azaroaren 8an igoko da BBK Salako oholtzara. 1980ko hamarkadaren azken urteetan eta 1990koaren lehenetan arrakasta izan zuen taldeak "soul, pop eta gizarte kontzientziaz betetako gaua" eskainiko du, Ideal World, Words edo Harvest for the World kanta ezagunak interpretatuz.

BBK Music Legends zikloak Joan Osborne kantautore estatubatuarrarekin jarraituko du azaroaren 21esan. One of us abestiari esker izandako arrakastagatik eta Grateful Dead taldeko kideek osatutako The Dead taldearekin kolaboratu izanagatik da ezaguna, eta folka, soula, rocka eta amerikar musika uztartzen ditu.

BERTSIO PERTSONALA

Featuring the songs of Bob Dylan and more azpitituluarekin emango duen kontzertuan, bere errepertorioko alerik onenak eta Dylanen klasikoen bertsio pertsonalak joko ditu.

Zikloa bukatzeko, Cracker talde estatubatuarra ariko da azaroaren 222an. David Lowery eta Johnny Hickman buru dituen bandak rock alternatiboa, amerikana eta countrya batzen dituen nahasketa oso berezia ekarriko du Bilbora, Low, Eurotrash Girl eta beste kanta gogoangarriak joz.