Zineuskadi elkarteak martxan jarritako Talentuaren Gunea ikus-entzunezkoen ekoizpen eta errealizazioko profesionalen belaunaldi berriei laguntzeko ekimenak sektoreko etokizuneko profesionalak saritu ditu hirugarren urtez.

Hain zuzen, ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, joan den ostiralean Gasteizko Teknologia Parkean aurkeztu ziren aurten hautatutako 14 proiektuak, eta, balorazio prozesu sakon baten ondoren, astelehen honetan eman dute saritutako lanen berri.

Talentuaren Guneak euskal ikus-entzunezkoen sektorean sortzen ari diren talentu berrientzako bozgorailu izan nahi du, industrian lehen urratsak ematen ari diren ekoizle eta errealizadoreentzako topagune izateaz gain.

Bada, joan den ostiraleko topaketan sektoreko profesional ugari izan ziren, 20 euskal ekoiztetxe baino gehiagoren ordezkariak, baita aurtengo epaimahaia osatu duten profesionalak ere: Nerea Garcia Guillen (Lau Haizetara), Bastien Gauclere (Fipadoc), Pedro Andrade (Bartzelonako D'A Festival de Cinema), Manuel J. Lacasa (Abycine Lanza), Jose Luis Farias (Weird Market), Elodie Mellado (Filmin) eta Samuel Castro (Iberseries).

Marta Guillenek eta Ines Calerok zuzendutako Una Thermomix en el desierto proiektua izan zen eguneko nabarmenetako bat. FIPADOC Saria jaso zuen, izen bereko jaialdirako sarbidea eskaintzen duena, baita Lau Haizetara Saria ere, Donostia Zinemaldiaren esparruan Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartzeko sarbide zuzena ematen duena.

Gainera, D'A Film Lab Barcelona jaialdiak bi proiektu saritzea erabaki du aurten: Iker Gonzalez Urrestiren 'Mendi' eta Saioa Miguel eta Alazne Astorga zuzendarien 'La batida'. Producció Emergente sailean parte hartzeko zuzeneko hautaketa da saria.

Orobat, Abycine Lanza jaialdiak Abycine Lanza Conexiones saria eman dio Begoña Aranaren 'Itzuli' filmari, eta proiektuaren taldeko bi ordezkari azokara joan ahal izango dira akreditazio profesionalarekin.

Euskal Herriko Zinema Eskolak Daniel Gonzalez Alegrete eta Santiago Skiappa zuzendarien 'High' proiektua saritu du gidoi aholkularitza eskaintzen duen ECPV sariarekin

Bestalde, Euskal Herriko Zinema Eskolak Daniel Gonzalez Alegrete eta Santiago Skiappa zuzendarien High' proiektua saritu du gidoi aholkularitza eskaintzen duen ECPV sariarekin.

Era berean, Itxaso Jurado eta Ainara Martinez de Albeniz zuzendariek Iberseries saria jaso dute Laboa lanagatik. Sariak Iberseries eta Platino Industrian parte hartzeko kortesiazko bi akreditazio biltzen ditu.

Azkenik, Weird Market azokak Lau Maquedanoren Bitxos proiektuari bere merkaturako sarbide zuzena ematea erabaki du.