Osakidetzak Bilbo-Basurtuko ESIko Pediatria arloko Larrialdi berrien ateak ireki ditu astearte honetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 1,3 milioi euro inbertitu dituzte Basurtuko erietxeko Makua pabiloiko hirugarren solairuan dauden larrialdi berrietan.
Bada, Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez, gune zabal eta moderno berrian 25.000 larrialdi inguru artatuko dira urtero, eta hobekuntza ekarriko du pazienteei eta senideei arreta emateko eta profesionalen lanean.
Espazio berrirako sarbidea Makua pabilioiaren albotik egingo da, San Pelaioko atzealdearen eta Escuzaren ondoan, Larrialdi Orokorren Egonaldi Laburreko Unitatearekin partekatuta.
Pediatriako Larrialdiak lekualdatzea da Basurtuko ospitaleko larrialdietan arreta hobetzeko eta handitzeko planaren barruan abiatutako ekimenetako bat. Aurrerantzean, zerbitzuak espazio zabalagoa, argitsuagoa, erosoagoa eta modernoagoa izango du.
Instalazioak ez ezik, ekipamendua ere berritu da, kalitate handiagoko arreta eskaintzeko. Azpiegitura berriak arreta esperientzia hobetuko du eta hura osatzen duten langileen lana erraztuko du, ongizate handiagoa bermatzeko.
Espazio berria humanizatzeko eta ingurune atsegin eta abegikor bihurtzeko, Pediatriako Larrialdiak pertsonaia magiko eta baso sorgindu bateko elementuekin apaindu dira
Era berean, espazioak zabalduta, erizain, erizaintzako zaintza osagarrietako teknikari, zeladore eta administrazioko langileen kopurua gehitu da. Bestalde, aldaketari esker, Pediatriako Larrialdiek egun hartzen duten espazioa liberatuko da, eta larrialdi orokorrak handitzeko erabiliko da, zerbitzua birmoldatzea erraztuz.
Pediatriako Larrialdien kokapen berriak 400 metro koadroko azalera hartuko du, eta itxarongela bat, lau behaketa gela, egonkortze gela bat, hiru kontsulta, prozedura gela bat, bereizketa gela bat, erizaintzako kontrola, lan gela bat, biltegia eta komunak izango ditu.
Azkeni, espazio berria humanizatzeko eta ingurune atsegin eta abegikor bihurtzeko, Pediatriako Larrialdiak pertsonaia magiko eta baso sorgindu bateko elementuekin apaindu dira, giro dibertigarri eta abegikorra sortuz umeen esperientzia positiboagoa izan dadin.