Donostiako 'Oporretan Euskaraz' udalekuetan izena emateko epea zabalik dago
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailerako antolatu dituen Oporretan Euskaraz udaleku irekietan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada, maiatzaren 6ra arte.
Izen-ematea sarean egin daiteke www.donostiaeuskaraz.eus edota www.donostia.eus/tramiteak web orrietan, bai eta aurrez aurre ere, Udal Euskara Zerbitzuaren bulegoan, 09:00etatik 14:00etara.
Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, Euskara Zerbitzuak antolatzen duen hiri kanpaleku irekia da 'Oporretan Euskaraz'. Ibilbide luzea dauka eta, urtez urte, Donostiako ehunka umeri ematen dio euskara erabiltzeko aukera oporraldian, horixe delako jarduera honen helburua, haurrek, ongi pasatzen duten bitartean, euskara erabiltzea, alegia.
Asmo horrekin, askotariko jarduerak egiten dituzte udalekuotan: hondartzako jarduerak, parke eta lorategietako jolasak, euria ari duenean tailerrak, antzerkiak eta lehiaketak, ingurumena, eta Donostian bideratzen diren bestelako ekimenetan parte hartzea.
Izena emateko epea bukatu ondoren eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago jaso badira, lekuak zozketa bidez banatuko dira, eta emaitzak maiatzaren 15ean egongo dira ikusgai izena eman den webgune berean edo www.donostiaeuskaraz.eus helbidean.
'Oporretan Euskaraz' udalekuak uztailaren 3tik 30era izango dira aurten, 09:00etatik 13:30era astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik. Zaintza zerbitzua eskainiko da 08:30etik 09:00etara, izen-emate orrian hala eskatzen duten parte hartzaileentzat.
2014tik 2020ra jaiotako (biak barne) eta Donostian erroldatuta dauden haurrek parte har dezakete udalekuetan; salbuespenez, 12 urteko haurrek ere parte hartu ahal izango dute, ikasmailaren bat errepikatu badute.
Adinaren eta jasotzeko lekuaren arabera eratuko dira taldeak, eta Aiete, Altza, Amara, Antigua, Bidebieta, Loiola-Erribera, Gros-Ategorrieta eta Parte Zaharra izango dira umeak biltzeko lekuak (auzo bakoitzean, ikastetxe zehatz batzuetan elkartzen dira haurrak).
Eguraldia lagun, Oporretan Euskaraz udalekuak aire librean egiten dira, eta, ateri ez dagoeneko, auzoetako ikastetxeak dira haurrak utzi, jaso eta eguneko jarduerak egiteko guneak. Auzo eta ikastetxe horien helbideak ere www.donostiaeuskaraz.eus helbidean daude ikusgai.
Jardueraren kuota arrunta 164,06 euro da, baina, familia eta egoera motaren araberako bestelako kuotak ere badira, egoera bakoitza egiaztatzeko agiriak aurkeztuz gero.
Temas
Más en Sociedad
-
"No se trata de buscar silencio, sino un sonido urbano que sea saludable"
-
Los mapas que muestran el lado invisible (y molesto) de tu ciudad
-
¿Cómo suena tu ciudad? Una app permitirá medir el ruido con tus emociones
-
Entrevista completa a Alberto Bañuelos en el Día Internacional de Concienciación sobre el Ruido