Europako Batzordeak antolatutako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sarietako hamar finalistetako bat da Bilbo. 50.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeen kategorian lehiatuko da Bizkaiko hiriburua, Braga, Komotini, Krakovia, Paris, Salzburgo, Tilburg, Utrech, Wroclaw eta Zaragozarekin batera.
Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, inklusioaren eta aniztasunaren arloko jardunbide onenak aitortzen, ikusarazten eta nabarmentzen dituzte Europako Batzordeak antolatutako sariek, "jardunbide horiek Europako beste herri batzuentzat inspirazio iturri izan baitaitezke, diskriminaziorik gabeko gizarte inklusiboak sortzeko".
Lehiaketaren helburua da aniztasuna sustatzen duten jardunbide onenak aitortzea, sexu, adin, desgaitasun, LGBTIQ identitate, erlijio edo sinesmen eta arraza edo etnia jatorriari dagokienez. Hain zuzen, aniztasuna aberastasun eta berrikuntza iturri gisa sustatzen duten, politika eta sistema inklusiboei laguntzen dieten eta herritar guztien arteko kidetasun sentimendua bultzatzen duten jardunbideak aitortzen dira.
50.000 biztanletik gorako toki erakundeen kategorian, Braga, Komotini, Krakovia, Paris, Salzburgo, Tilburg, Utrech, Wroclaw eta Zaragoza dira Bilboren aurkari. Bizkaiko hiriburua 2022ko eta 2023ko edizioetan ere izan zen finalista. Saritutako erakundeak datorren asteartean iragarriko dira, apirilaren 29an, Bruselan egingo den sari banaketan.
Bilbok jarraibide estrategikoen bidez garatu du inklusioaren eta aniztasunaren alde egindako lana, besteak beste, 2030 Agendaren, Hiri eta Tokiko Gobernuen Batasunaren Giza Eskubideak Babesteko Gutunaren eta zenbait plan estrategiko espezifikoren bidez.
Gainera, genero ikuspegia udal estrategietan zeharka txertatu du; zehazkiago, Bilbao Balioen Hiria eta Bilboko Balioen Agiria esparru proiektuen bitartez eta udalaren edota udaltzaingoaren berdintasun planen bitartez egin du prozesu hori.
Era berean, Kulturarteko Hiriaren Plana, Immigrazioaren Behatokia eta Bilbao Gazte Hiria gazteria plana ditu abian, bai eta umeen eta adinekoen plan estrategikoak, Irakurketa Errazeko eta Arreta Irisgarriko Plana eta Auzoetako Irisgarritasun Plana ere.
Azkenik, Bilbok hainbat ekimen berritzaile garatu ditu, adibidez, Berdindu Eskola, Denbbora, Harreragunea, Zurrumurruen aurkako Estrategia, Laguntza Digitaleko Guneak edo Mirada Activa Berria.