Síguenos en redes sociales:

Bizkaiko Aldundiak ia lau milioi euro banatuko ditu enpresen digitalizazioa sustatzeko laguntzetan

Bizkaiko Aldundiak ia lau milioi euro banatuko ditu enpresen digitalizazioa sustatzeko laguntzetanUtzitakoa

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 'Trantsizio Digitala' izeneko diru laguntza programaren edizio berria abiarazi du aurten, 3,97 milioi euroko zuzkidurarekin, lurraldeko enpresen digitalizazioa bultzatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko.

Deialdia 2021etik dago indarrean, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, "heldutasun teknologiko maiula desberdinak dituen lurraldeko enpresa sarearen errealitatera hobeto egokitutako egitura bezala finkatu da".

Programak bi laguntza lerro ditu: bata onarrizko digitalizazio proiektuetarako, eta bestea ekimen aurreratuagoetarako. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 5ean hasi eta ekainaren 13an amaituko da oinarrizko digitalizazio proiektuetarako, eta, ekimen aurreratuagoetarako, berriz, epea maiatzaren 5etik maiatzaren 23ra izango da.

Bi lerroak egoitza Bizkaian duten 5 eta 250 langile bitarteko industria eta zerbitzu sektoreerako enpresentzat dira. Aurtengo edizioko berrikuntza nagusia da langileen gastuak hautagarri gisa ezabatzea oinarrizko lerroan, aurrekontuarekin enpresa gehiagori lagundu ahal izateko.

Foru erakundearen arabera, ekimenak Bizkaiko enpresa sarearen beharrei erantzuten die. Premia horiek 'Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala' txostenean jasota daude; Barrixe Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak egin du, Bilboko Merkataritza Ganberaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren parte hartzearekin, eta "bilakaera betean" dagoen enpresa ekosistema erakusten du.

Horrela, lurraldeko enpresen %91 digitalizatzen hasi da, haietako %25,7 fase aurreratuetan eta %65 oinarrizko mailetan. Gainera, digitalizazio aurreratua duten erakundeen %73,9k laguntza ekonomiko publiko handiagoa eskatzen du aurrera egiten jarraitzeko.

Halaber, adimen artifiziala bikoiztu egin da urtebetean, eta dagoeneko enpresen %16,6k erabiltzen du. Era berean, oraindik ere talentu teknologikorik eta denborarik eza dira digitalizazio prozesuei ekiteko oztopo nagusiak, 'Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala' txostenaren arabera.

Aurreko edizioan, enpresen digitalizazioa sustatzeko laguntzen programak oinarrizko 147 proiektu eta 26 proiektu aurreratu babestu zituen, agerian utziz "laguntza horien eskaera gero eta handiagoa dela, gero eta digitalizatuagoa eta lehiakorragoa den ingurune batean".