Bilboko Udalak 2025eko Aste Nagusiko kartelaren irudia aukeratzeko lehiaketara lanak aurkezteko deia egin du, eta epea maiatzaren 25eko 23:59 arte egongo da zabalik. Interesa dutenek udal webgunean aurkeztu beharko dituzte proposamenak, 'Aste Nagusia 2025 Kartel Lehiaketa' atalean.

Bilboko Idalak jakinarazi duenez, diseinu grafikoaren alorreko profesional zein amateurrek parte har dezakete, nazionalitate guztietakoak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, eta proposamenak originalak eta argitaragabeak izan beharko dira, izenburu edo lelo batekin identifikatuta.

Generoa eta sexu orientazioa, jatorria eta kultura, aniztasun funtzionala, adina, gizarte klasea edota gorputz ereduak irudikatzeko aniztasuna baloratuko da, besteak beste, rola eta estereotipoak saihestuz.

Izena emateko inprimakiak 1 Mb-ko jpg fitxategi bat eta 50 cm x 70 cm-ko tamaina bertikaleko .pdf bereizmen altuko fitxategia (300ppp) gehitzeko aukera emango du. Kartela egiteko adimen artifiziala erabiltzen bada, egileak jakinarazi egin beharko du, bere parte hartzea kartela formalizatzeko zein mailakoa izan den zehaztuz eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzea bermatuz.

Lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, arte, diseinu grafiko eta komunikazioaren arloetako bederatzi pertsonak, udalbatzako hiru kidek eta Bilboko Konpartsen ordezkari batek osatutako epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta herri bozketa abiatuko da ekainaren 9tik 15era. Bozketa sistema mistoan egingo da: presentziala (oraindik ez da lekua zehaztu), udala webgunean eta epaimahaiaren bozketa.

Hiru bozketen emaitzak batuta puntu gehien batzen dituen kartela izango da irabazlea, eta ekainaren 17an jakinaraziko da. 2025eko Bilboko Aste Nagusiko irudia izateaz gain, egileak 3.000 euroko saria jasoko du.