Síguenos en redes sociales:

Barakaldoko Udalak nerabeei zuzendutako 'Zu bai artista' talentu lehiaketa antolatu du

Barakaldoko Udalak nerabeei zuzendutako 'Zu bai artista' talentu lehiaketa antolatu duUtzitakoa

Barakaldoko Udaleko (Bizkaia) Gazteria Sailak 'Zu bai artista' talentu lehiaketa antolatu du Giltzarri zerbitzuaren bitartez, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Maiatzaren 9an izango da, Gurutzetako zentro zibikoan, eta parte hartzeko izena emateko epea apirilaren 16ra arte dago zabalik.

Jonathan Martin Gazteria zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "sarritan gizarteak ikusezin bihurtzen du nerabeen kolektiboa, eta ekimenik gabekotzat eta parte hartze gutxikotzat jotzen du. Baina Gazteria Zerbitzuan badakigu nerabeak pertsona sortzaileak, aktiboak eta gizartean ekarpen handia egiten dutenak direla"

Bere hitzetan, horren erakusgarri da Barakaldoko 40 neska-mutilek baino gehiagok osatzen dituztela urtero Giltzarri zeritzuko gazte taldeak, hainbat arte eta sormen diziplina aztertuz, besteak beste, dantza, musika, sorkuntza digitala, antzerkia edo eskulanak. "Orain, diziplina horietan duten talentua erakusteko aukera emango diegu, balioa emateko", adierazi du.

Bada, 'Zu bai artista' lehiaketaren helburua nerabeen ahalmen artistikoak eta eszenikoak indartzea eta ikusaraztea da, talde lana, sorkuntza kolektiboa eta gazteen parte hartzea sustatzearekin batera.

Maiatzaren 9an proposamen artistikoen entzunaldia egingo da Gurutzetako zentro zibikoan. Proposamenak hainbat kategoria eszenikokoak izan daitezke, formatu librekoak eta gehienez hiru minutuko iraupenarekin.

Epaimahaia arte eta hezkuntza eremuetako gazteek osatuko dute, eta, besteak beste, kalitate artistikoko eta interpretazioko irizpideak, erabilera eszenikoa, originaltasuna, balioak dituzten mezuak edo euskararen erabilera aztertuko dituzte.

Gazteria Zerbitzuak 500 euroko txartelak emango ditu jarduera onenen prestakuntza artistikoari laguntzeko, materiala erosiz edo hainbat arte diziplinatan ikastaroak eginez. Irabazleak 250 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 150 euro eta hirugarrena 100 euro. Taldean zein banaka parte har daiteke.

"Gazteek beraiek proposatutako ekimena da, dibertigarria, deigarria eta gazteen artean interesa piztu dezakeena. Horregatik animatu nahi ditut denak parte hartzera, aukera ezin hobea baita arratsalde dibertigarri bat pasatzeko, talentua erakusteko eta antzeko gustu artistikoak dituzten pertsona berriak ezagutzeko", esan du.

Lehiaketara 250 ikusle joan ahal izango dira, baina beharrezkoa izango da gonbidapena izatea, eta apirilaren 9tik aurrera jaso ahal izango dira, doan, Barakaldoko topalekuetan.