Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak Jose Angel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren babesarekin. Programaren helburua Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea da.

Horretarako, ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.

Beka programaren azken xedea da hiru ikerketa artikulu argitaragabe sortzea, eta programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lanak. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarezek azaldu duenez, "beka hauek aukera paregabea dira Donostia Zinemaldiaren historian sakontzeko, eta Gipuzkoako kultura ondarearen ikerketa eta zabalkundea sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du.

Zehazki, testu horiek ikertzen eta ekoizten lagunduz zinema jaialdiaren iraganaz eta gaurko kultura zinematografikoan izan duen eta duen eraginaz gehiago jakitea lortuko dugu".

Beka programaren azken xedea da hiru ikerketa artikulu argitaragabe sortzea, eta programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lanak

Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edota bizi diren pertsonek eta Espainiako Estatuan jaio edota bizi direnek -gutxienez, bi urtez-. Gaia, metodologia eta ikerketa iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira (han daude deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak ere).

Ikerketa proiektuak aurkezteko epea apirilaren 22ra arte dago zabalik. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elias Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 7tik 18ra egingo da.