Ardoaraba azoka enogastronomikoaren 17. edizioa egingo da Gasteizen abenduaren 5etik 8ra bitartean, eta 134 ardo eskainiko dituzten 36 upategi bilduko ditu, gehienak Arabakoak.

Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Noemi Agirre Arabako Aldundiko Nekazaritza diputatua, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustatzeko zinegotzia, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendaria eta Patricia Garcia Gasteiz On elkarteko gerentea izan dira aurkezpen prentsaurrekoan.

Ardoaraban parte hartuko dute 36 upategik, 134 ardorekin, 19 kolektibok, 55 eskaintza gastronomikorekin, eta ostalaritzako eta sukaldaritzako 60 establezimendul, 221 ardo, menu eta pintxoko eskaintzarekin.

Horrela, Gasteizko Probintzia eta Foru plazetan eta Plaza Berrian kokatuko diren dastatze gune tradizionalak, jauregi eta gune berezietan egingo diren historiadun dastaketa saioak, eta dendekin eta ostalaritzako lokalekin elkarlanean antolatu diren jarduerak itzuliko dira.

Ardoaren, txakolinaren eta sagardoaren inguruko programazio didaktikoa eskainiko du Txoko Gastronomikoak, eta helduentzako zein haurrentzako tokiko gastronomia ez da faltako, eskaintza berritu eta zabalduarekin.

Gainera, SUMMUM by Ardoaraba ekimenaren laugarren edizioak nazioarteko gidetan baloraziorik onena duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ardorik berezienak aurkeztuko ditu.

Berrikuntza nagusiei dagokienez, 'Euskadi Gastronomika: Gastromuseums' esperientzia, 'slow food' saio berezia, eduki berriak Txoko Gastronomikoan, jauregi eta espazio berezi berriak, eta ardogintzako emakume erreferenteak biltzen dituen Who is Who? ikerlanaren eta Down Araba elkartearen egutegiaren (bertako argazkiak hainbat upategitan atera dituzte) aurkezpenak nabarmentzen dira.

Ardoarabako taloitegiak 22 euroko prezioa izango du eta 28 puntu trukagarri izango ditu dastatzeko guneetan (karpak), Ostalaritzaren Ibilbidea delakoari atxikitako taberna eta jatetxeetan eta Txoko Gastronomikoko jardueretan. Taloitegiak karpetako informazio guneetan edo Andre Maria Zurian eskuratu ahal izango dira.