Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak izen eta irudi berriak sortu ditu adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuentzat, eta aurrerantzean LAR izango da zerbitzuon izena. 'Laguntza' eta 'argia' hitzek osatutako akronimoak zentroen ezaugarriek erabiltzaileen bizitzan argia ekar dezaketela islatu nahi du. "LAR zerbitzuak etxe bero eta lagunkoia direnaren ideia helarazi nahi da", Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak aurkezpenean esan duenez.
Orain arte eguneko arreta zerbitzu bezala ezagutu diren baliabide horiek adinekoak eguneko ordu batzuetan joaten diren zentroak dira. Horrela, etxean bizitzen jarrai dezakete, familiei zainketan laguntzen zaien bitartean.
Denbora luzez, horiek izendatzeko erabilitako izena 'eguneko arreta zentroa' izan zen. 2015ean Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua onartu zenean, 'eguneko arreta zerbitzuak' izena hartu zuten, baina izendapen horrek nahasmena sortzen zuen gaztelaniaz SAD siglak zirelako, hau da, Gizarte Politiken Udal Sailak ere eskaintzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak gaztelaniaz zituen berberak.
Bada, hortik sortu zen zerbitzuen bilakaera, oinarria, esanahia eta balioak islatuko zituen izen berria bilatzeko beharra. Identitate berria lortu nahi zen eraldaketa bidean zegoen zerbitzurako eta, horretarako, inplikatutako eragile guztiek parte hartu zuten, hau da, udal gizarte zerbitzuetako profesionalek, erabiltzaileek eta haien familiek.
Prozesua hastean, izen soinuduna, bereizgarria, sinplea, gogoratzeko erraza, koherentea, estetikoa eta adiera bakarrekoa lortu nahi zen. Gainera, inpaktua izango zuen terminoa behar zen, laburra, berritzailea eta ahoskatzen erraza, euskarazko zein gaztelaniazko kontzeptuak integratuko zituena.
Lehenik, eguneko arreta zerbitzuetan lan egiten duten langileen iritziak jaso ziren, eta haien ekarpenei esker ateratako zortzi izenen artean bozkatu zuten. Ondoren, sareko inkesta bat egin zen Adinekoen Udal Zerbitzuan lan egiten duten pertsonen artean, eta, boto gehien jaso zituzten hiru izenekin, adinekoei eta haien familiei prozesuaren berri eman zitzaien eta botoa ematera animatu zituzten. Azkenean, LAR izan da aukera gogokoena.